Mezenazgoa, Guaixe fundazioa laguntzeko beste arrazoi bat

Guaixe 2016ko api. 25a, 14:43
Guaixe fundazioa laguntzearekin batera, Sakanako establezimenduetan abantailak lortu eta zerga pizgarriak eskuratu daitezke.

Sakanan euskarazko hedabideak sustatzeko herritarrek eta enpresek egiten dituzten diru ematen den diruaren zati handiena errenta aitorpenean edo sozietateen gaineko zerga-oinarrian bueltatuko da.

Guaixe fundazioak Nafarroako Gobernuak ematen duen Mecna interes sozialeko izendapena jaso du hilaren 15etik. Izendapen hori Kultura Mezenasgoaren Foru Legeak arautzen du. Lege horren helburua da gizartearen parte hartzea sustatzea kultur sektorearen garapenean. Hala, helbide fiskala Nafarroan duten enpresek eta partikularrek herrialdeko kultur garapena babesteko hiru modu eskaintzen ditu eta haren truke gobernuak pizgarri fiskalak eskaintzen ditu.


Guaixe-ren mezenas izateko hiru bide
Dohaitza. Dirua, ondasunak edo eskubideak ematea, edo zerbitzuak dohainik egitea.

Diru ekarpena, onasunena edo eskubideena, edo zerbitzuak dohainik ematea. Kultur interesa duten ondasunak, jarduerak egiteko lokalak, kalitatezko artelanak eta beste batzuk dohainik eta aldi baterako lagatzea

Lankidetza hitzarmenak. Laguntzaileen (ekarpen ekonomikoen egileak) eta onuradunen artean izenpetutako hitzarmena; haren bidez, onuradunek laguntzailearen partaidetza zabaltzeko konpromisoa hartzen dute.

 

 





Zerga-pizgarriak

Guaixe fundazioari ekarpena egin eta laguntzeagatik, herritarrek eta enpresek zerga-pizgarriak izanen dituzte; ezberdinak bata eta besteen kasuan.

Herritarrak
Egindako diru ekarpenagatik eskubidea izanen duzu errenta aitorpenaren, PFEZaren, kuotatik %80ko kenketa egiteko zergaldi bakoitzean dohaintzan emandako lehenbiziko 150 euroetan, eta %40koa gainerako ekarpenetan.

Adibideak
150 euroko dohaintza eginez gero, PFEZaren aitorpenean 120 euroko kenkaria egiteko eskubidea izanen duzu (150 euroko %80). Hau da, 120  euro bueltatuko zaizkio.

1.000 euroko dohaintza eginez gero, PFEZaren aitorpenean 120 euroko kenkaria egiteko eskubidea izanen duzu, dohaintzan emandako lehenbiziko 150 euroengatik, eta beste 340 eurokoa, kuotan %40 kenkaria aplikatzeagatik gainerako 850 euroetan. Hau da, 460 euro bueltan.

Enpresak
Enpresek egiten dituzten dohaintzen zenbatekoen kenkaria aplikatuko da sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarrian –oro har, dohaintzak ez dira gastu kengarria– eta kuota likidoaren %30eko kenkaria zergaldi bakoitzean emandako lehenbiziko 300 euroetan, eta %20koa ondoko zenbatekoetan.

Adibideak
Enpresaren egiazko karga-tasa %20koa baldin bada, 3.000 euroko dohaintza baten kasuan 1.230 euroko kenkaria egiteko eskubidea izanen da sozietateen gaineko zergaren aitorpenean.

1. Sozietateen gaineko zergaren aitorpeneko zerga-oinarrian egin beharreko kenkaria: 600 euroko egiazko kenkaria, 3.000 euroko zenbatekoari %20ko egiazko karga-tasa aplikatu ondoren.

2. Sozietateen gaineko zergaren kuotako kenkaria: 630 euro.

Lehenbiziko 300 euroetan, %30eko kenkaria kuotan: 90 euro.

Gainerako 2.700 euroetan, %20ko kenkaria kuotan: 540 euro.

Zerga onura, guztira: 600 + 630=1230 euro

Oharrak
· 150 euroko muga (herritarrendako) eta 300 euroko muga (enpresendako) subjektu pasibo bakoitzari aplikatuko zaizkio zergaldi bakoitzeko. Adibidez, herritar batek 200 euro ematen baditu Guaixerako eta 400 euro beste baterako, lehen 150 euroetan 120 euroko kenkarirako eskubidea izanen du (%80), eta 180 eurokoa emandako gainerako 450 euroengatik (%40). Guztira, hortaz, 300 euroko kenkaria.

• Kenketek eta murrizketek ondorioak izan ditzaten, kultur mezenasgoaren onuradun diren pertsona edo entitateek ekarpenak frogatu beharko dituzte, eta Nafarroako Zerga Ogasunari jakinarazi.   

• Kenkarien eta murrizketen aplikazioa baterazintasunaren araubide baten mende dago.





Sakanako ekonomia zirkularra
Guaixe fundazioaren kide diren 1.500 bat sakandarrek Beleixeguaixe Txartela eskura dute, ibarreko ekonomian eragiteko tresna bat. Hiru pausotan azalduta:

1. Guaixe fundazioko kide egin
Guaixe astekaria, Beleixe Irratia (FM 107,3) eta www.guaixe.eus hedabideak mantentzen laguntzen duzu

2. Establezimenduetan abantailak
Sakanan kontsumitzea sustatzeko, Beleixeguaixe Txartelak ibarreko 90 establezimenduetan abantailak eskaintzen ditu.

3. Herri biziak
Ibarrean kontsumituz kaleak eta herriak biziz betetzen ditugu eta komunitatea sortzen dugu: Sakana.



Komunitateko kide egin nahi?
1. www.guaixe.eus/harpidetza web orrian egin zaitezke.
2. Beheko txartela bete eta Guaixe fundazioren Altsasuko bulegoan eman.
3. Beheko txartelean eskatzen diren datuak 948 564 275 edo 948 562 107 telefonotara hots eginez eman edo  edo zorion@guaixe.eus e-posta helbidera idatziz bidali.
4. Zure establezimendua txartelaren eskaintzara batu nahi baduzu  948 564 275 edo 948 562 107 telefonoetara hots egin edo idatzi publi@guaixe.eus helbidera.

Lortuko dituzun abantailak
•    Diru ekarpenaren araberako zerga pizgarria (%80ra artekoa).
•    Guaixe astekaria ostiralero buzoian.
•    Bazkide zozketetan parte hartzea hilabetero.
•    Diseinu zerbitzuan %5eko deskontua.
•    Eskeletan %10eko deskontua.
•    Zorion agurretan deskontua.
•    90 bat establezimendutan deskontuak eta abantailak.