Sakandarrak ongi Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketan

Guaixe 2016ko api. 27a, 08:40
Nafarroako Herri Kirol Jolasetan, sokatiran.

Kadeteen mailan lehiatzen ari dira Andra Mari, Beriain eta Iñigo Aritza. Kategoria nagusietan ez dugu ordezkaritzarik

Larunbatean Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako 2. jardunaldia jokatu zen Lesakan, lau kidez osatutako taldeen arteko txapelketa, hain zuzen. Nagusien mailan ez dugu talde sakandarrik, baina kadeteen mailan (280 kilo), ordea, hiru taldek ordezkatzen gaituzte: Andra Mari ikastola, Beriain –Andra Mari ikastolatik sortua– eta Iñigo Arita ikastola.

Kadeteen A multzoan Basaburua A, Araxes, Andra Mari eta Berriozar A taldea daude lehian. Orain arte jokatutako bi jardunaldiak kontuan hartuta, Basaburua A da onena (8 puntu), Araxes eta Andra Mari hurrenak, bosna punturekin, eta Berriozar A azkena, 2 punturekin. B multzoan beste lau talde daude lehian. Orain arte egindako lana kontuan hartuta, Iñigo Aritza da liderra (6,5 puntu), Basaburua B bigarrena (6 puntu), Beriain hirugarrena (5,5 puntu) eta Berriozar B laugarrena (2 puntu).

Hirugarren jardunaldia maiatzaren 7an jokatuko da, Antsoainen, 18:00etatik aurrera.