Gaur egun biziaren luzapena lortua dago gure gizartean. Guztion ametsa da, urte asko eta ahalik hobekien bizi. Ez da amets hutsa, eskubidea ere bada, gizarteak onartu behar duen eskubidea eta, batez ere, adinera iritsi garenok, irmoki aldarrikatu eta defendatu beharreko eskubidea. Zoritxarrez, horretara beharturik aurkitzen gara, ez digute onartzen behar bezala duintasunez bizitzeko daukagun eskubidea, gizartearen alde ahulenatzat hartzen gaituzte. Erakunde publikoei merke ateratzen zaie gure pentsioak murriztea, zerbitzuak alboratzea, normaltzat hartzen dituzte gure gabeziak; “adinaren gauza”.
Ez dut esango erabat baztertuta gaudenik, betidanik egon da jubilatuekiko arreta berezi bat, baina, hori, arreta, gure eskubideak bermatzen ez dituen arreta, duintasunez bizitzeko aukera ematen ez digun arreta. Edozein aitzakiarekin bukatzen den arreta. Gure eskubideen eraginez aldarrikatu ditugun zerbitzuak ere (osasungintza, menpekotasuna, erresidentziak..) ez dute ematen guk eskatzen dugun onberatasun eta kalitatea. Kezkaturik gaude.
Horregatik azken hilabete hauetan Nafarroako Adinekoen Koordinakundeak (ANAPP, LAKARRA, SASOIA, CCOO eta UGT) Zahar-Etxeetan ematen den zerbitzua aztertu du: informazioa, egoera, gabeziak. Publikoak bi bakarrik dira eta ez dugu azalpen garbirik ikusten, etorkizunari begira zalantzak nagusitzen zaizkigu. Pribatuak 73 dira, batzuk irabazi-asmoarekin eta beste batzuk irabazi asmorik gabe: Udalarenak, Patronatuak, Fundazioak. Kudeaketa enpresak sortzen ari dira orain, aukera merkeena bezala eskainiz. Baina hau badakigu nola lortzen den, zerbitzuaren kalitatea murriztuz.
Maiatzaren 5ean, osteguna, goizeko 11:00etan, Nafarroako Adinekoen Koordinakundeak asanblada antolatu du Iruñeko Planetarioan, jubilatu guztiendako. Azterketaren emaitzak jubilatuekin partekatu nahi dituzte, gaur edo bihar gure bizi leku izan daitezke. Informazioa, elkarrizketa eta eztabaidaren bidez lor ditzagun ZERBITZU ONBERAGOA ETA KALITATEZKOA EMANGO DIGUTEN ZAHAR-ETXEAK. Camino Oslé, UPNAko irakasle ohia eta Nafarroako Geriatria elkarteko kidea, eta Carmen Maeztu, Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Saileko zahar-etxeen arduradunak ere parte hartuko dute. GONBIDATUAK ZAUDETE.