Sakanako Plan Estrategikoa garatzeko hitzarmenaren sinadura

Sakanako Plan Estrategikoak badu hitzarmena

Guaixe 2016ko api. 28a, 12:00

Sakanako Plan Estrategikorako finantzaketa hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Sakanarako Mankomunitateak herenegun. Sakanako sozio-ekonomia eragileek enpresa-jarduera berreskuratzeko eta enplegua sortzeko sustatutako estrategia sendotzen laguntzen du.

Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapenerako lehendakari-orde Manu Aierdik euren sinadurekin gauzatu zuten hitzarmena. Haren bidez ibarreko erakundeak Sakanako Plan Estrategikoa 2020 (SPE) aurten garatzeko 250.000 euro jasoko ditu. Sakanaren ekonomia jarduera berreskuratu asmoz, hitzarmenean bi administrazioen ahaleginen koordinazioa arautzen du ere. Hitzarmenean ere lankidetza-mekanismoak zehaztu dira, hala, gobernuarengandik finantzaz aparteko babesa jasoko dute Sakanako erakundeek.

Hitzarmenak aldeen dokumentazioa, gastuen justifikazioa eta betebeharrak arautzen ditu, eta Leader Programan eta Toki Administrazioen Planean sartzen diren beste lankidetza batzuen osagarri dira. Gainera, Sakanako eragileak industria babesteko beste politika batzuez baliatu ahalko dira, Nafarroako Gobernuak sustatzen dituen klusterretako ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B) batzuez. Sinatutako hitzarmenean jaso denez, aurten enpresa-jarduera nahiz enplegua sustatzeko 58 ekintza abian jartzea erraztuko da. Hori SPEk lantzen dituen lau sektoretan izanen da: industria, energia, turismoa eta elikadura.

SPE: 4 sektore, 14 ardatz eta 58 neurri
Sakana 2020 Plan Estrategikoak 13 ardatz estrategiko, 54 esku hartze lerro eta 160 ekintza jasotzen ditu sei arlo estrategikotan: nekazaritza-elikagaiak, merkataritza, hezkuntza, energia, industria eta turismoa. Gainera, lankidetza-sareak ehuntzen ari dira, bai eta ideiak nahiz baliabide endogenoak mugiarazteko ere. Gobernantzaren eredu ireki bat ere zehazten du eragileen arteko lankidetza era efizientean antolatzeko. herenegun izenpetutako hitzarmenarekin, lau sektoretako ekintzak sustatuko dira aurten: industria (124.860 euro), energia (16.180 euro), turismoa (66.820 euro) eta elikadura (42.140 euro).

Energiako jarduerak honakoak izanen dira: eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatzera, industriako enpresen kokapen estrategikoa hobetzera, enpresa berrien sorrera sustatzera, azpiegiturak hobetzera eta eskualdeko erakargarritasunak komunikatzera. Ondorengo proiektuak nabarmentzen dira, esaterako: industrialde eta enpresen inbentarioa edo enpresen arteko lankidetza sustatzea edo enpresa eta ikastetxeen artekoa (LH), prestakuntza, edo proposamen bat egitea abiadura handiko telekomunikazio-sarerako sarbidea hobetzeko.

Energian, diru-laguntza energia-enpresen kokapena hobetzeko bideratuko da edo proiektu energetikoak eta berdeak garatzeko (adibidez, energia-eraginkortasunaren kultura sustatzea, biomasa sustatzea, eraikuntza-sektorea energia-errehabilitaziora birmoldatzea).

Turismoan, helmugako kudeaketako, turismo-dinamizazioko eta produktuak merkaturatzeko eta sustatzeko jarduerak sustatuko dira: mugikortasun- eta aisialdi-plan bat prestatzea, Santiago bidea sustatzea…

Elikadura-sektorerako laguntzak honako hauetan oinarrituko dira: abeltzaintzako ustiapenen kudeaketa iraunkorra, baliabide publikoen kudeaketa, tokiko elikadura-sistemak sustatzea eta prestakuntza. Hala, ekoizleen foro bat abian jarriko da (abeltzainen arteko lankidetza), azokak sustatuko dira…

Planaren barnean hezkuntza (eskualdeko ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza handiagoa) eta merkataritzako beste ekintza batzuk jasotzen dira, hurbileko kontsumoak duen eraginaren gaineko kontzientziazioa zabaltzeko ekintzak eginez.


Kronograma
Egoera larri hori ikusirik, Karasatorrek gogorarazi duenez, 2011. urtetik eragile gehienek tokiko garapen-estrategia bat adostu zuten iraunkortasun sozial, ekonomiko, eta ingurumeneko irizpideen arabera: ekintzailetza, ekoizpen-sarearen dibertsifikazioa, enpresen kokapen estrategikoa hobetzea eta barneko baliabide berriak bilatzea. Hori guztia, eragile instituzional, politiko, sozial, enpresako eta hezkuntzakoen artean adostasun zabalak bilatuz.

Zehazki, 2012an Sakantzen Sarea sortu zen ekintzailetza eta garapena sustatzeko helburuarekin, eta Mankomunitateak Sakanako Garapenerako Agentzia abian jarri zuen. 2013an, Sakanako Behatoki Sozioekonomikoa osatu zen zonaldeko eragile sozialek, politikoek, sindikatuek, enpresek eta erakundeek hausnarketa egiteko espazio gisa.

Gainera, urte horretan bertan eta espazio honetan, Plan Estrategiko bat egitea erabaki zen, eta lehentasunak, metodologia eta lantaldeak zehaztu ziren. Esperientzia handiko 60 pertsonak egindako lanari esker eta partaidetzako prozesuan jasotako ekarpenei esker, 2014ko udaberrian Sakana 2020 Plan Estrategikoa aurkeztu zen.

2014 eta 2015ean, Planean jasotako hainbat jarduera ezartzen hasi dira, enpleguari jadanik eragiten diotenak: Utzugane (Arbizu) garatzeko zentroa; Sakanako Merkatarien Elkartea eta Turismo Elkartea osatzea; industriako enpresen bakarkako azterketa haien egoera zein den jakiteko; energia-enpresei bide-laguntza ematea; energia berriztagarrietan eskualdeak dituen gaitasunak aztertzea (biomasa, energia hidraulikoa eta eolikoa); udal-azpiegituren efizientzien energetikoari buruzko azterketa; ontziak eraikitzeari buruzko interpretazio-zentroa; "Enneco, Haritzaren Memoria" parkea; herrietako azokak berreskuratzea; egurraren gaineko ikerketa; SNEINN programa eta antzekoak ekintzailetza sustatzeko; jatorrizko Santiago bidea berreskuratzea; edo prestakuntzako askotariko ekintzak. Eragile laguntzaileen sarea sendotzea eta zabaltzea lortzen ari da.

Adierazpenak
Aitor Karasatorre Muguruza.
Sakanako Mankomunitateko presidentea

Egun pozgarria?
Bai, 2011tik ari garelako hau gauzatu ahal izateko borrokan. Azkenean ez dira onartu ziren sei neurriak aurrera eraman ahal izan. Hau garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Honek bultzada handia emanen dio Sakanako Plan Estrategikoaren (SPE) garapenari.

Bost urte atzera egin duzu, zergatik?
Krisi mahaia sortu zen 2011n, hainbat eragile, alderdi eta sindikaturekin. Han sei puntuko bide-orri bat onartu zen. Haietako hiru Sakanari zegozkion: garapenerako tresnaren bat sortzea (Sakanako Garapen Agentzia), gizarte dinamizatzaile baten sorrera (Sakantzen Sarea) eta plan estrategiko bat egitea edo lantzea (SPE). Nafarroako Gobernuari beste hiru gauza eskatzen zitzaizkion eta horiek dira gehien kostatu zaizkigunak: Sakana premiazko berrindustrializazio eremu izendatzea eskatu genion orduko gobernuari eta ezin izan zen egin, elkarlanerako gune bat sortzea eta, azkenik, bide orria SPE izanik, ibarrean adostutako ekimenak diruz-laguntzea (herengungo hitzarmena).

Joan den urtean hasi ginen negoziatzen, ilbeltzean ekin nahi genion. Berandu xamar hasi gara. SPEren garapenerako gure aurreikuspenak ziren milioi bat euro beharko zirela lehen bultzadarako. Nafarroako Gobernuak diru handirik ez duenez, lortu ahal izan ditugu 250.000 euro. Bultzada bat izanen da. Horri udalek egiten duten ekarpena gehitu behar zaio. Hirugarren urtea da hori egiten dutena. Horrekin guztiarekin plana abian jartzen dugu. Baina, esandakoa, gobernuak eta udalek plana elikatzen jarraitu behar dute.


SPE 2020ra arte garatzeko 7 milioi euro beharko lirateke. Aurtengorako 600.000 euro nahi zenituzten eta 250.000 jaso dituzue.
Bai. Dugun gauzarik onena da bide-orria plan estrategikoa dela eta zein ekimen duten lehentasuna zehaztuta dago; guztiaren balioa zehaztua dago. Lortu zitekeen gehiena 250.000 euro liratekeela esan zigutenean, lehentasunezkoak ziren ekintzak hartu ditugu, 250.000 euro horiek bete arte. Aurtengo milioi bat nahi genuen, inbertsioak zeudelako. Haiek kenduta, 600.000 euro hainbat ekimenetarako…

Horrekin hasi beharko dugu. Ongi egin beharko dugu. Eredu izan beharko gara. Heldu den urteko aurrekontuetan diru-saila handitu dezaten borrokatzen hasi nahi dugu.

Horretarako gauzak ongi egin beharko dira. Aurten 58 ekintza garatzeko asmoa, ezta?
Adostasuna zegoela eta urteak aurrera egiten zuela ikusita, pixka bat aurreratu gara eta turismo teknikaria kontratatu genuen. Hiru lanpostu betetzeko deialdia egin berri dugu. Haiek betetzean ekintza horiek dinamizatzen hastea izanen da kontua. Jarraipena egin eta horretan buru-belarri jardutea.

Hiru langile horiek Sakanako Garapen Agentzian ariko dira, ezta?
Bai. Horiei aurretik genituen industria eta energia teknikaria eta Iker Manterola guztia dinamizatzen duena. Agentzia sortu genuenetik, langile bat izatetik bost izatera pasa gara. Hori bultzada handia izanen da. Denbora beharko du martxa hartzeko, baina nik uste dut gai izanen garela ekintza guztiak aurrera eraman eta berri asko sortzen.

Kontuan izan behar da 250.000 euro horiei gehitu behar zaizkiela aurten Europak Cederna-Garalurren bidez banatzen dituen Tokiko Garapen Planetako dirua. Hori ere interesgarria da, hemen ditugun ekimenetara bideratu dezakegulako. Adostutako milioi laurden hori ekimen jakin batzuk garatzeko da. Baina lotutako ekimen baterako laguntza beharko balitz, lankidetza-hitzarmenean jasotakoaren arabera departamendu ezberdinetara bideratuko gaituzte. Sakanako enpresek edo ekimenek beste nonbaitetik finantzazioa lortzeko aukera dago.

Akordioaren gobernantza eredua nolakoa izanen da?
Alde guztiak zein gunetan elkartu eta jarraipena nola eginen dugun, hori da gobernantza eredua. Guk SGA dugu. Gutxi barru Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren bilera deituko dugu. Han joan den urteko ekimenen eta aurtengoen berri emanen diegu. Nafarroako Gobernuko eta ibarreko ordezkariak bilduko dituen gunea, nik uste, motorra izanen dela bultzatu eta edozein aldaketa egin beharko balitz gainean egonen dena. Gainean egon nahi dugu, denbora pasatzen utzi gabe. Edozein aldaketa egin beharko balitz, edozein erabaki hartu beharko balitz erantzun azkarra emateko.

Nafarroako Gobernuak diruarekin batera Sakanan konfiantza jarri du.
Bai. Hemen aurretik lan bat egina zegoen eta, Manuk esan duen bezala, gure eredua aprobetxatu nahi dute beste eskualde batzuetan ezartzeko. Hori guretako presio pixka bat bada ere. Ardura. Baina, nik uste, zerbait egin edo bideratzeko hainbeste denbora daramagula zain, prest gaudela eta, ziur, ongi eginen dugula. Oso garrantzitsua da: bide-orria markatuta eta adostuta dago. Denon zilegitasuna du.  





Manu Aierdi
Ekonomia Garapenerako lehendakari-ordea

Egun pozgarria?
Bai, bai. Sakanan azken urteetan egindako elkarlana gogoratzen ari gara. Horrek duen garrantzia azpimarratu nahi du. Eta zoriondu. Sakanan alderdiak, enpresariak, udalak, sindikatuak… gizarte osoak azken bost urteetan zein lan kolektibo egin duen, denek norabide berean. Hori azpimarratzea da helburu garrantzitsuetako bat. Eta, bigarrena, zein aukera ditugun heldu den urteari begira. Uste dut hitzarmen sendo bat sinatu dugula. Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) aurrera ateratzea lagundu nahi du hitzarmenak. SPE ibarrarendako oso ona izanen dela uste dugu, gobernuaren parte hartzea eta bultzada. Nafarroa osora begira, beste eskualdeendako praktika onen adibide bat da. Bai iraganera begira, baina bereziki etorkizunera begira, egun polita.

SPE garatzeko ibarretik eskatzen zen guztia ezin da eman, baina gobernuaren beste atari batzuk zabalik daude, ezta?
Hitzarmenarekin 250.000 euro hitz eman ditugu aurtengo. Kopuru handia da. Diru hori sail handiago batetik ateratzen da (800.000 eurokoa). Sakanako adibide hau beste eskualdeetan bultzatu nahi dugu. Eredu bera: lortzea azpitik gora bultzada hori etortzea, Sakanan egin den bezala. Sakanarekin aurtengo hitzarmena sinatu dugu, baina gure eta alderdi politiko guztien aukera, laguntza aurten eta hurrengoetan ematea da. Gobernuaren asmoa 2020ra arte laguntza egotea da.

Hitzarmenean diruaz aparte gobernantza eredu bat zehaztu da. Gobernuak bere rola izanen du. Denen artean SPE errealitate bihurtzen lagunduko dugu. Horrek denen arteko gobernantza sendoa eskatzen du. Denen artean elkarlanean jarraitzea eskatzen du, ez bakarrik plana egiterakoan, baizik eta plana bihurtzerakoan. Nik ilusioa dut.

Sakandarrek lehendik eurekiko ardura zuten. Baina orain eredu izan behar badugu, ardura handiagoa da!
Nire ustez halako erronkak politak dira. Nik hala sentitzen dut: zure eskuetan zuretako ona den gauza polit bat egiteko erronka duzunean, besteendako adibide izan daitekeena gainera, horrek oraindik hobeki egitera bulkatzen zaitu. Hori presio ona da. Halakoak gustatzen zaizkit. Azken finean, denek Sakanan, eta Nafarroan, langabezia kopuru hori jaisteko lan eginen dugu. Kopuruak jaitsi badira ere, hainbeste pertsona langabezian egonda, ea buelta ematen diogun. Gizartean pobrezian sartzeko arriskua duen pertsonarik ez izateko, gizarte harremanetatik kanpo inor ez gelditzeko. Lana garrantzitsua da, pertsona bere bizitza moldatzeko, ordenatzeko, harremanak izateko, bere buruarekin gustura egoteko… Lana garrantzitsua da eta ahalegin guztiak egin behar ditugu.




Iker Manteroa
Sakanako Garapen Agentziako koordinatzailea

Esperotako eguna?
Bai. Nahi baino gehiago luzatu da. Azkenean, jarri dugu harria, lehen pausuak ematen hasteko. Sinaduraren aurretik lanean ari ginen, baina hemendik aurrerakoa badakigu.

Aurretik lan eginda eta turismo teknikaria hasi berri da lanean, ezta?
Sinatzea bazetorrela ikusita turismo teknikaria kontratatu da. Eta hitzarmenean aurreikusten diren ekintzak aurrera eramateko langileen kontrataziorako prozesua martxan jarri da. Aste honetan curriculumak jasoko ditugu. Enpresagintzan, elikadura arloan eta administrazioan kontratatzeko deialdia egina dago. Interesatuek www.sakanagaratzen.com web orriaren bidez jaso dezakete informazioa.

Elikadura arloko teknikariaren zeregina zein izanen da?
Sinatutako lankidetza-hitzarmenean aurrera eramateko 58 ekintza jaso dira. Arlo bakoitzak bere ekintza zehatzak izanen ditu. Elikaduraren arloan daude, esaterako: abeltzainak biltzeko foro bat antolatzea, etorkizunera begira egin daitezkeen lanketak aztertzeko; bertako produktuen aldeko kontzientziazio lana; bertako produktuak hemen zenbat kontsumitzen ditugun edo ez, udal eta ikastetxeekin zein lanketa egin daitekeen tokiko produktuak kontsumituz bertako ekonomia indartzeko.

Lehen sektorean lanpostuak sortzea?
Egin zen hausnarketetako bat zen sektorean adineko jendea zegoela eta jarraipenik ez zegoela. Hori da sektore guztian gertatzen dena. Hainbat tokitan gertatzen zen gazteek sartu nahi dutela baina hainbat arazo dituzte. Guk sarbide hori egiteko hainbat aukera ikusten ditugu. Udalak, eragileak… hainbat gauza landu beharko dira baina guk aukera batzuk ikusten ditugu. Lanpostu honen zeregina aukera horiek aztertzea, lantzea eta etorkizuneko bide horiek jartzea litzateke.

Industria arloan ariko den teknikariaren zeregina zein izanen da?
Orain arte industriarako industria-ingeniaria genuen, prozesuetan eta gehiago sartzen zena. Baina ikusten genuen kudeaketa aldetik, enpresen administrazio ikuspegian lagunduko lukeen figuraren beharra genuela. Enpresen arteko elkarlana bulkatzen lagunduko lukeena. Jakina denez, industria da Sakanako ekonomiaren zati garrantzitsu bat, lanpostuen aldetik ere bai. Elkar osatuko luketen bi teknikariren beharra ikusten genuen.

Bulego lanetarako, administraria.
Sakanako Garapen Agentzian bost pertsonako lantalde bat bilduko da eta administrariak sortuko den burokrazia bideratzen lagunduko du. Hitzarmena itxi da, diru-laguntza da, kontrol zorrotza behar du, baina ez genuen burokrazian ito nahi: diru gehiago gastatzea kontrolean gauzak egiten baino. Gobernantza modu malgu bat landu dugu. Lehen aldia da, dituen alde on eta txarrekin.

Hiru langileak noiz hasiko dira lanean?
Maiatzaren erdialderako nahi genuke. Lehenbailehen.

Beraz, Sakanako Garapen Agentziak sei langile izanen lituzke.
Turismo teknikaria, elikadura arlokoa, industria arloan bi teknikari, administraria eta kudeatzailea.

Sakanako Sozioekonomikoa Behatokiaren bilera aurki deitzekoak zarete, ezta?
SPEren orain arteko martxa aztertu eta aurrera begira moldaketak egin behar badira horiek zehaztea da bere zeregina. Gure asmoa urte hasieran egitea zen, joan den urtean bezala. Baina akordioarena luzatu egin da eta ahal den azkarren deituko dugu. Behatokiaren helburua baita Sakanako eskualdearen eta gizartearen ordezkaritza zabal bat hartzea, eta joan den urtean egin zen bezala, bai Cederna-Garalurrek bai SGAk, plan estrategikoaren talde motorra eratzen duten bi erakundeek, 2015ean egindakoaren aurkezpena egitea eta aurtengo proposatzen diren ekintzen aurkezpena egitea. Sinaduraren zain geunden deialdia egiteko.

Sakanako etxeetara lapikoa duen esku-orria banatu duzue, han egosteko ideiak eskatu dituzue. Zer egin behar da ideia horiek jakinarazteko?
www.sakanagaratzen.com web orriaren bidez gurekin harremanetan jarri eta bidaltzea. Azkenean, garrantzitsuena ez da SGA ideiak bidaltzea edo ez. Baizik eta ideiak izan eta gure ingurunean ideia horiek lantzen hastea. Elkarlana dagoen tokian, izan daiteke festen bidez edo beste edozer gauzatan, hortik beti gauzak ateratzen dira.  Etorkizunerako plaka, eta proiektuak ateratzen dira. Guretako garrantzitsua hori da, eskualde eta elkarlan ikuspegi horrekin aritzea. Ziur zerbait aterako dela.



Paki Urbitarte
Sakanako turismo teknikaria

Noiz hasi zinen lanean?
Apirilaren 8an hasi nintzen.

Zer moduz?
Ongi. Lehenengo astean martxan zeuden proiektuekin egunean jartzen. Pixkanaka. Sakanako Plan Estrategikoaren (SPE) barruan ekintza batzuk jasoak daude. Horiek egin arte lehentasunak edo nondik hasi aztertzen. Bi aste eta erdiren ondoren, nondik bideratu edo nondik hasi badakigu.

Aurtengo lehentasunak zein dira?
Aurreneko gauza Bidelagun turismo elkartearen aurrean aurkeztea izan zen. Haiekin elkarlanean hasi nintzen. Haiek turismoa aurretik lantzen ari dira. Ni, teknikari gisa, haien babesa izanen naiz. Hasi eta segituan argazkilaritza ikastaro bat antolatu du elkarteak. SPE barruko ekintzetako bat da Sakanako argazki bilduma bat sortzea. Ikastaro horretako ikasleen bidez Sakanako ikuspegi ezberdinetako argazkiak lortuko ditugu. Horiek eta beste batzuekin argazki bilduma osatuko dugu hainbat gauzatarako materiala izateko: www.sakana.eus web gunea indartzeko, argitalpenetarako Hori izan da lehendabiziko ekintza eta Bidelagunekin lanean hastea, laguntza ematea.

Lehentasuna duen ekintza bat Sakanako inbentarioa egitea da. Ditugun turismo-baliabideak aztertzea. Zein egoeratan dauden jakitea. Horretarako, Bidelagun elkarte eta udalen arteko elkarlan akordioak sinatu nahi dira. Sektoreak eskaintzen duena (alojamendua, turismo enpresak, turismoarekiko profesionaltasun maila…) jakiteko galdetegi bat eginen da. Analisi orokorra egin nahi da, zer dagoen eta nola dagoen, gerora erabiltzeko.

Nafarroako Gobernuak herrialde mendebalderako teknikaria izendatu du. Harekin harremanetan zaude?
Bai. Patxi Saenzekin elkarlanean gaude. Bera guri laguntzeko dago. Guretako garrantzitsua da Nafarroako Gobernuan zer ate jo jakitea, zalantzak argitzeko. Berak esperientzia du. Sakanaz aparte beste eskualde batzuk ere kudeatzen ditu. Guretako esperientzia hori oso ona izan daiteke, etekin handia atera dezakegu. Hizketakidea izatea babes eta lasaitasun handia da. Aste honetan bertan Turismo Departamentuan bilera izanen dut, elkar ezagutzeko eta gure proiektuak gauzatzeko modua aztertzeko. Horretarako daude, gu laguntzeko.

SPErekin uztartzen direnak aurrera ateratzeko.
Hori da. Guk SPEn aurtengo lanak zehaztuta ditugu. Ekintza horiek aurrera eramaten saiatuko gara. Horretarako Patxiren laguntza izanen dugu. Zer ekintza gehiago egin daitezkeen ere aztertuko dugu; SPErekin lotuta, nondik jo dezakegun… aurten zerbait gehiago egin ahal den edo heldu den urterako dauden beharrak edo bideak zehazteko.

Turismo arloko eragileek zurekin harremanetan jarri nahi badute, non opatuko zaituzte?
Utzuganen, Sakanako garapen zentroan, Arbizuko Utzubar industrialdean dugu bulegoa. Bestela, furbitarte@sakanagaratzen.com e-postaren bidez.



Datuak
Langabezia 2015ean
Nafarroan % 14,7.
Sakana mendebaldean % 20.
Sakana erdialdean eta ekialdean % 12,4.

Iraupen luzeko langabezia-tasa
Nafarroan % 39,2.
Sakana mendebaldean % 44.
Sakana erdialdean eta ekialdean % 38,5.