Parlamentuak ibarreko merkataritza babestu du

Guaixe 2016ko api. 28a, 17:44
Nafarroako PArlamentuko batzorde bat.

Nafarroako Parlamentuko Ekonomia Garapen Batzordeak aho batez ebazpena onartu du Nafarroako Gobernuari eskaera jakina eginez: Sakanako dendari txikiekin, erakundeekin eta lotura duten agenteekin lan mahaia osatu dezala. PPk eraman zuen eskaera batzordera. Eskaera horrekin batera, onartu zen gobernuari beste eskaera egin zion Parlamentuak: Sakanako denda txikiei bulkada emanen dioten politikak dioten sustapen plana diseinatzeko. Aldi berean, gobernuak Sakanako turismoa sustatzeko eta sakandarrek denda txikiek duten garrantziaz jabetzeko kanpainak egitea eskatzen zaio gobernuari.

Sakanako Plan Estrategikoaren (SPE) barruan turismoa eta merkataritza sustatzeko ekintzak aurreikusiak daude. Ibarrean bertan adostuak, behetik gora. PPk goitik beherako, Gobernutik Sakanarako proposamena eraman zuen asteartean. Horregatik, Geroa Baik popularren idatziari puntu bat gehitzeko eskatu zuen eta hala onartu zen. Koalizioaren eskariz, Nafarroako Gobernuak aurreko guztia SPEn jasotakoarekin koordinazioan eginen du, udalekin, Mank-ekin eta dauden elkarteekin elkarlanean. Nafarroako turismo eta merkataritza plan estrategikoak egitean aterako diren ondorioak ere kontuan hartu dira. PPk bere ekimena argudiatu zuen Sakanako denda txikien egoera “delikatua” delako eta “ibarreko kolektiboek eskatzen duten moduan premiazko plana garatzea beharrezkoa delako”.