Euskalgintzan ari direnen bilera

Guaixe 2016ko api. 29a, 08:25

Astelehenean urte bat bete zen euskaltzaleek Anaitasuna kiroldegia bete genuela.

Larunbatean, 11:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean. Deialdia euskaraz bizi nahi duten guztiei zabalik dago.

Sakanako Euskalgintzaren Bilguneak (SEB) bilera berria eginen du bihar, lastailetik honako balantzea egin eta heldu diren erronkei buruz hitz egiteko. Udazkeneko bileran Sakanako euskaltzaleek elkarrekin landu zitzaketen hainbat lan ildo aztertu ondoren Osasun arloa euskalduntzen indarra egitea erabaki zuen, Etxarri Aranazko osasun etxeko zerbitzuak euskalduntzeko kanpainaren ildoari segituz. SEBeko talde eragileak plangintza eta hura garatzeko pausuak zirriborratzeko asmoa zuen.

Astelehenean urte bete egin zuen Nafarroako euskaltzaleek Iruñeko Anaitasuna kiroldegia bete zutela. Orduan euskararen aldeko aldaketa politikoa aldarrikatu eta hizkuntza normalizazioaren oinarriak nabarmendu ziren. Gobernua aldatu da eta euskararen aldeko hainbat neurri hartu dira. Baina Euskararen Legeak hor jarraitzen du. Euskarazko gizarte erakundeen Kontseilutik azaldu dutenez, “duela urtebete desio genuen egoeran ez gaude. Oraindik ere urrats handiak geratzen zaizkigula egiteko eta pauso horiek elkarrekin egin behar ditugulakoan gaude. Euskaraz bizi nahi dugun guztion indarra behar du euskarak”. Horregatik, “euskaraz bizi nahi duten herritar guztiei” garagartzaroaren 4an Iruñean izanen den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte. “Euskarari bide ematen diogula erakutsi nahi dugu manifestazio horretan”. SEBek Sakanan manifestazioaren deialdia zabaltzeko egin ditzakeenak aztertuko ditu.