Etxarrik, Lagun Arteak eta Altsasuk denboraldiari agur

Guaixe 2016ko api. 29a, 13:38
Altsasu izango da ligako azken partida etxean jokatzen duen talde bakarra.

Asteburuan azken jardunaldia jokatuko dute

Asteburuan despedituko dute 2015-2016 futbol denboraldia preferente eta erregional mailan. Garesek irabazi du preferente mailako lehen multzoko liga (60 puntu). Arrotxapea bigarrena da (55 puntu), Infanzones hirugarrena (53 puntu), Etxarri Aranatz laugarrena (46 puntu) eta Lagun Artea seigarrena (44 puntu).

Etxarri Aranatzek sailkapenean 9.a den Aibares taldearen kontra jokatuko du bihar, larunbatean, 17:30ean, Oibarren. Etxarrik ez du ezer jokoan; postua hobetzea, aldiz, Aibaresek. Bestalde, sailkapenean 23.a eta jaitsiera postuetan dagoen Castillo de Tiebasen kontra ariko da Lagun Artea larunbatean, 17:30ean, Tiebasen. Castillo de Tiebasek ez du ezer jokoan, irabazten badu ere ezin baitu sailkapenean gora egin. Aldiz, Lagun Arteak irabaziz gero sailkapenean igotzeko aukera du, gauzak oso estu baitaude. Hortaz, irabaztera aterako dira lakuntzarrak.

Altsasuk, aldiz, etxean despedituko du denboraldia. Lekunberriko Beti Kozkorren kontra ariko dira gorriak, bihar, larunbatean, 16:45ean, Dantzalekun. Doneztebe da, momentuz, erregional mailako 3. multzoko liderra (73 puntu), Lezkairu bigarrenari puntu eskas bat aterata (72 puntu). Altsasu 10.a da (32 puntu). Sailkapena oso estu dago eta, hortaz, asteburu honetan erabakiko da dena. Lezkairuk eta Doneztebek elkarren kontra jokatuko dute, eta liga irabaztea dute jokoan. Altsasu eta Beti Kozkorren arteko partidan badago zer erabaki. Beti Kozkorrek ez du ezer jokoan, baina Altsasuk, irabaziz gero, sailkapenean postu bat gora egiteko aukera du. Ea ligako azken partida etxean jokatzeak altsasuarrei laguntzen dien.