Preferente mailan despeditu da liga: Lagun Artea bosgarrena eta Etxarri seigarrena

Guaixe 2016ko mai. 2a, 12:15

Lagun Artea bosgarren postura igo da azken jardunaldian.

Preferente maila. 30. jardunaldia: Castillo Tiebas 1 – Lagun Artea 3 / Aibares 2 – Etxarri Aranatz 1

Despeditu da futboleko preferente mailako 2015-2016 denboraldia. Asteburuan azken jardunaldia jokatu zuten gure taldeek.

Lakuntzako Lagun Arteak Tiebasen jokatu zuen, Castillo Tiebas taldearen kontra. Bi taldeek ikuskizun polita eskaini zuten, kiroltasunez betetakoa. Atsedenaldia baino lehen Orozek Lagun Artea aurreratu zuen, gol eder batekin, eta Aitorrek lakuntzarren bigarrena sartu zuen, falta baten jaurtiketaren ondoren buruz sartutako gola. Bigarren zatian Tiebas hobeto aritu zen eta gol bat sartu zuen, markagailuan gerturatuz. Baina partida bukatzear zegoela Aitorrek Lagun Artearen hirugarren gola sartu zuen, garaipenaz gain sailkapenean postuak igotzea ahalbideratu diona.

Aldiz, Etxarri Aranatzek 2 eta 1 galdu zuen Oibarren jokatutako partidan. Puntuatu ez izanak eragin zuzena izan du sailkapenean, laugarren postua galdu baitu Etxarrik. Garesek irabazi du liga (61 puntu), Infanzones (57 puntu) eta Arrotxapea (55 puntu) taldeen aurretik. Bidezarra laugarrena sailkatu da (48 puntu), Lagun Artea bosgarren postura igo da (47 puntu) eta Etxarri Aranatzek seigarren postuan despeditu du liga (46 puntu). Hortaz, Gares lehendabiziko maila autonomikora igo da eta Infanzones eta Arrotxapea aipatu mailara igotzeko promozioa jokatzeko sailkatu dira. Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek preferente mailari eusteko erronka bete dute eta datorren denboraldian maila horretan jarraituko dute.