Berlingo harresia bota zenetik 25 urte pasa badira ere, gero eta gehiago dira gaur egun eraikitzen ari direnak Europak zehar: Ceuta eta Melilla; Israel eta Zisjordania; bi Koreak; Uzbekistan eta Kirguizistan; Arabia Saudi eta Irak; Maroko eta Sahara ekialdekoa; Irak eta Kuwait; India eta Bangladesh; Botsuana eta Zimbaue; EEBB eta Mexiko; Bulgaria-Turkia/Grezia…
Milaka poliziek zaindutako harresi igaro ezinak dira gaur eraikitzen direnak; gosetea, gerrak, pobrezia eta miseriatik ihesi doazen milioika pertsonei zonalde ziurrago baterako eskubidea urratzen dieten lotsaren (edo lotsarik gabeko) harresiak. Gaur egungo Europaren balio demokratikoen krisia agerian uzten dituzten harresiak, eta horrekin batera, krisi politikoa eta humanitarioa.
2015ean esan zitzaigunez, estatu espainiarrak 8.000 errefuxiatutik gora hartu behar bazituen ere, urte bukaeran 18 besterik ez zituen hartu. Gauza bera Frantzian (300etik 7 soilik), Nafarroan 16 besterik ez… Eta hau guztia gutxi balitz, Austriak migrazioen kontrako legerik zorrotzenetakoa onartu berri du. Babeserako eskubidea murriztuko duen legea.
Hori nahiko ez, eta 400 metroko harresia eraikitzeko asmoa dauka Italiako mugan.
Europak ezin uka dezake bere mugetan gertatzen ari dena. Eta bere papera zein den munduan birplanteatu behar luke. Orain Europara datozenak, Europan gertatzen ari dena, akatsez beteriko nazioarteko politika baten ondorio baita.
Europar Batasunak guzti honetan duen erantzukizunaz gain, norberakoek ere ulertu behar dugu, erabateko erantzukizuna ez badugu ere, nolabaiteko zerikustekoa ere badaukagula honetan guztian.
Eta zer egiteko asko ere: ongi informatuak egotea, iritzi kritikoa izatea, mugitzeko grina, eta enpatikoak eta solidarioak izatea okerren pasatzen ari den harekin.
Ez dadila egoera hau gehiago luzatu, ez gure izenean behintzat.