Gaurtik aurrera ez dugu Euskal Telebista ikusterik izanen EITBk Nafarroan emititzeari utziko baitio, Estatuko Industria Ministerioak egindako isun mehatxuak tarteko. Eta hori guztia, UPNk jarritako helegite baten ondorioz.
Dagoeneko ez ditugu ikusiko Xabier Euzkitze eta Josean Tolosa pilota partiden ahozko azalpenak ematen, ezta Ane Urrutia eguraldiaren iragarpena egiten, ezta Julen Iantzi lesakarra El Konkis aurkezten, eta ezta Julen Telleria Gu ta Gutarrak gaztetxoen ikuskizuna aurkezten. Horiek denak eta beste asko desagertu eginen dira gure egongelako tresnatik, eta baita, neurri batean, geure bizitzatik ere.
Ez da historia samurra izan Nafarroan euskarazko telebista izatearen borroka, urte asko, ilusio asko eta elkarlan asko bizi izan dituena. Inozentzio Aierbe San Migeleko kaperau uhartearrak harrotasunez azaltzen zuen Guardia zibila bertaratuta ere, berak giltzapeturik zeukala sakristian EITBren antena, haiek harrapa ez zezaten. Udalen, herritarren eta Ikastolen sareak sustatu zuten antenen hedapena. Azken aldi honetan, baita Nafarroako Parlamentuak eta Aldaketaren Gobernuak ere aldarrikapena eta kudeaketa egin dute EITB era normalizatuan ikus dadin. Hala ere, ez da nahikoa izan.
Ez da nahikoa izan UPN alderdiaren setakeria, itsukeria eta maltzurkeriagatik. Edozein gizartetan, zeinetan demokrazia, elkarbizitza, kultura eta jakintza garatuta dauden, ez litzateke ulergarria izanen XXI. mendean, teknologien eta komunikazioaren aroan, informazioari halako ateak ixtea. Baina Nafarroan posible da. Posible da alderdi politiko garrantzitsu bati bidezkoa iruditzen zaiolako beraiek bezala pentsatzen ez duen hiritargoa kulturalki zapaltzea eta deuseztatzea, hain zuzen ere, euskal kultura bizi duten nafarrak. UPN da Nafarroaren berezko jatorriari uko egin dion lehenengo belaunaldia, aurreko belaunaldietan abertzaleek, liberalek, karlistek, integristek eta abar, denek argi zutelako nafarren euskal jatorria. Horra hor UPNk euskara eta euskalerriaren “asmakizunaren” aurrean duen sukar-amets eroaren oinarria.
EITB agurrik ez, gero arte baizik.