Behin edo behin hitz egin dugu japoniarrek ez dutela, orokorki hitz eginez, erraztasun handirik jendea ezagutzeko. Beraien gizartearen barruan rol bat jarraitzen dutela esan daiteke, bat batekotasuna alde batera utzita.
Gazte direnean, duten hezkuntza sistema gogor eta konpetitiboa dela eta, beraien artean lehiatzera bultzatuta ikusten dute bere burua. Bestalde, heldutasunera heldu ondoren, lanean ere ordu piloa jarduten dute. Ohizkoa izaten da lankideekin bakarrik erlazionatzea. Lagunak egiteko moduak mugatuak dituzte.
Testuinguru honetan, jendea ezagutzeko modu ezberdinak sortu dituzte. Azkenean, pertsonek, gizartearen beharra dugu, erlazionatzeko beharra. Normala da, adibidez, lan eguna bukatuta lankideak batera edatera irtetea, sozializatzeko beste modurik ez baitute egun osoa bulego barruan egon ondoren.
Gazte eta ikasleen artean gôkon izeneko topaketak aspaldidanik burutzen dira. Itsuka biltzen den jende talde bat bezala deskriba dezakegu. Sexu bakoitzeko talde bana osatzen da, kopuru berdinean ahal izanez gero. Normalean talde bakoitzeko arduradun moduko lider bat dago, non taldea osatzen saiatzen den. Ondoren, topaketa antolatzen dute, arduradunen artean tokia eta ordua adostuz. Eta ezezagunez osaturiko bi taldeak edatera eta jatera elkartzen dira.
Helduen artean ere sortzen dira honelako topaketak, baina ikasleen artean hedatuago dago. Zergatia erraza da: ikastetxe asko sexu bakarreko ikaslez osatua dago. Beraz, topagune hauek beste sexuko lagunak edo bikoteak aurkitzeko modua dira. Baina ez da arrazoi bakarra. Normalean ikasleek ikaskide berdinekin urte ugari ematen dituzte, eta bilera hauekin beraien zirkulu sozialak zabaltzea lortzen dute, lagun berriak eginez.
Bilera hauetan denak nahasirik eserita biltzen dira, eta beraien burua aurkeztuz hasi egiten dute elkarrizketa. Behin bakoitza nor den jakinda, edaten eta jaten ematen dute afari osoa, galdera gehiago taldeka eginez, edo banaka jendearekin hitz eginez. Afaria bukatu ondoren, normala da ere, zenbaitek parrandan jarraitzea karaoke batean bikote bila, ondo pasatzera edo gau horretarako sexu bila.
Bilera hauen bertsio ezberdinak ere badaude. Izen ezberdina dute zertarako biltzen direnaren arabera. Adibidez, shumikon izenekoak zaletasun berdina duten jendea biltzen dituen afariak dira. Afaltzen duten bitartean guztien gustuko den gaia jorratzen dute: zinea, komikiak edo musika mota bat. Asa-gôkon bestalde, goizeko 5:30ean biltzen diren pertsonak dira, kafea edan eta bolo-jokoan aritzeko, lanera joan aurretik.
Tira, argi dago oso ezberdinak garela, baina baita ere, guztiek bilatzen dugula modu batez edo beste batez, laguntasuna.