199 neska-mutiko herri kiroletan

Guaixe 2016ko mai. 4a, 13:42

XII. Sakanako Ikastetxe Arteko Herri Kirol Topaketan aritu dira, Altsasun

Sakanako Mankomunitateak antolatuta, XII. Sakanako Ikastetxe Arteko Herri Kirol Topaketak izan dira gaur. Aurten Altsasuko Burunda pilotalekuan bildu dira Sakanako ikastetxeetako neska-mutikoak. Zehazki, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak izan dira bildu direnak , 199 guztira, eta ekitaldia antolatzeko 17 irakasle aritu dira laguntzen.

Lehenik eta behin ikasleek Kañamares aita semeen trontza eta aizkora erakustaldiez gozatu dute. Ondoren, ikastetxe ezberdinetako ikasleak nahasiz, taldeak sortu dira eta guztiak herri kirol proba konbinatuetan aritu dira. Koxkolak, txingak, zaku lasterketa eta giza-plaza izan dira egin dituzten lanetako batzuk.

Gerrikagoitia: “Gure kirola da eta bulkatzen jarraituko dugu”
Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu duenez, Mank-ek aurrera egingo du Sakanako ikasleen artean herri kirolak sustatzeko lanarekin. “Balorazio oso ona egiten dugu, ikastetxeek ere, gure kirola da eta bulkatzen jarraituko dugu gure indar guztiekin” nabarmendu du. Herri kirolak sustatzeaz gain, Sakanako ikastetxe ezberdinetako haurren arteko erlazioa sustatu nahi dute, eta horregatik ikastetxe ezberdinetako neska-mutikoak nahastu egiten dituzte taldeetan. “Ez da proba lehiakorra, baina herri kirolek xarma berezia dute eta gaztetxoek gogo askoz parte hartzen dute eta izugarri animatzen dute. Ikastetxe guztiei herri kirolei buruzko materiala pasatzen diegu aurretik, eta jardunaldi hauetara etorri baino lehen lantzen dute. Hortaz, neska-mutikoek proba konbinatua ezagutzen dute eta badakite zer egin behar den; oso gogotsu datoz” gaineratu du Gerrikagoitiak.