Bidasoako Itzulia: azken etapa Jon Irisarrirendako

Guaixe 2016ko mai. 9a, 09:15

Jon Irisarri, Bidasoako Itzuliko sari ematean.

Rural Kutxakoa laugarrena sailkatu zen Bidasoako Itzulian

Larunbatean despeditu zen Bidasoako Itzulia, Irunen jokatutako etapa ikusgarriarekin. Rural Kutxa talde sakandarreko Jon Irisarrik sekulako etapa egin zuen. Eskalatzaile onenekin ibili zen Erlaitzeko malda gogorretan, eta ondoren, esprint ikusgarrian etapa garaipena lortu zuen, Lizarteko Oscar Rodriguezen eta Colpackeko Mark Padunen aurretik. Tamalez, talde sakandarreko Leaburuko txirrindulariak ez zuen sailkapen orokorreko podiuma zapatu, oso gutxigatik. Colpack taldea izan da jaun eta jabe, podiumeko hiru postuak beraiendako izan baitira: Umerto Orsinik irabazi zuen Bidasoako Itzulia, 14 segundora bere taldekide Edward Ravasi eta 25 segundora bere taldekide Mark Padun zituela. 59 segundora sailkatu zen Rural Kutxako Jon Irisarri. Talde sakandarreko Iker Azkarate 20.a sailkatu zen, 4:38ra.

Nolanahi ere, Irunen garaipena lortzeaz gain eta asteburu bat lehenago Espainiako Koparako baliagarria den Santikutz Klasikoa irabazi eta gero, txirrindulari gisa sekulako progresioa egiten ari dela erakusten ari da behin eta berriz Jon Irisarri.

Josu Zabala bigarrena Urrakin
Bidasoako Itzulian parte hartu zuen tropelaren gehiengoa igandean Azpeitian jokatutako Urrakiko Igoeran aritu zen (115,5 km). Mandubiara bi igoera egin behar izan zituzten, bukaerako Urrakiko igoeraz gain. Lizarteko Richard Carapaz ekuatoriarra izan zen txapelduna (3:01:29), Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Eliteri 5 segundo aterata. Rural Kutxako Jon Irisarri 7.a izan zen (3:02:13).