Sakana Triatloi Taldekoak ongi Bermeon

Guaixe 2016ko mai. 9a, 12:44

X. Bermeoko Campos Triatloian Ander Okamika eta Virginia Berasategi izan ziren txapeldunak

Larunbatean X. Bermeoko Campos Triatloia-Rafa Memoriala jokatu zen (0,750 m igerian, 24 km bizikletan eta 5 km korrikan). 300 triatleta baino gehiagok osatu zuten proba eta 23 urtez azpiko Ander Okamikak (1:10:50) eta triatloira itzuli den Virginia Berasategik (1:18:32) irabazi zuten. Sakana Triatloi Taldekoek lan polita egin zuten. Javier Borrega 48.a sailkatu zen (1:21:40), Sergio Garcia de Eulate 53.a (1:22:22), Aitor Mozo 64.a (1:23:47) eta Alejandro Zabala 74.a (1:24:42).

Senperen zazpigarrenak
Berriki Senperen jokatutako Triathlon Côte Basque triatloian Trigoi taldean dabilen Iñaki Gallego altsasuarra 72.a sailkatu zela aipatu genuen. Sakana Triatloi Taldea taldekako proban lehiatu zen. Isidro Asurabarrenak, Alex Zabalak eta Sergio Garcia de Eulatek osatu zuten taldea. Lan bikaina eginez, 100 taldeetatik zazpigarrenak sailkatu ziren sakandarrak. Girondins Bordeaux izan zen lehena (54:56) eta Sakana Triatloi Taldea zazpigarrena (1:02:21), 7:25era.