80 urte ez dira hainbeste. Gure belaunaldia gaur bada; atzokoak dira gure gurasoak; eta hereneguna orduan, haiena da. Gu gara gazteak, zuek zarete helduak eta haiek dira zaharrak.
Herenegunetik datoz, udako goxotasuna probestuz, oraindik orain kaleko eserlekuan, aldemenaren konpainian, orduak eta orduak pasatzen dituztenak. Baita esaera zaharrak eta jada ezezagunak diren hitzak dakizkitenak. Herenegungekoak dira hezurretako minak jota ohean etzanda daudenak edota latino-amerikako emakumeen konpainian kalera pasiatzera ateratzen direnak. Zer esanik ez, medikuaren eta apaizaren hitzak dogmatzat dituztenak. Baratzeko landareak entzuten dituztenak dira; sukaldeko errezetarik goxoenak dakizkitenak. Haiek dira pixoihalak, hortzordeak eta bastoiak erabiltzen dituztenak. Idazten eta irakurtzen ez dakiten jakintsuak dira. Hitz jantzirik gabe, inongo hitzarmenen beharrik gabe, urtez urte, “garapen iraunkorra” praktikara eraman dutenak. Ogi koxkor batek asetu dezakeen gosea ezagutzen dutenak. Haiek dira herenegun.
Eta herenegungekoak dira baita ere ezer ulertu gabe fusil bat eskuetan aurkitu zutenak. Tiro egitera behartu zituztenak. Anaia, lehengusu edo lagunen aurka borrokatu behar izan zutenak. Bizilagunen behatz akusatzaileekin bizi behar izan zutenak. Bizilagunak behatzez akusatu zituztenak. Gorpuak hobietan lurperatu zituztenak dira haiek. Haiek dira hobi horietan lurperatuak dauden gorpuak.
Herenegungekoak dira haiek; azala zimurtua duten aiton-amona ile txuriak. Eta alboan ditugu, entzun nahi duenarentzat.