Neoliberalismoa krisian dagoela askotan entzun dugu. Thatcher edo Reagan antzinako kontuak direla uste dugu, baina beraiek eta beste zenbaitzuek defendaturiko sistema ekonomikoa gure gizartean bere lekutxoa lortu du. Ez dugu merkatu librea defendatzen duen teoria azalduko, adituak ez garelako gehienbat, gure gizartean utzitako aztarnez arituko gara eta nola gizarte eragileen aurkako jarrera mesfidatia hedatu den. Neoliberalismoa ez da soilik dirua ematen ez duten zerbitzu publikoen desagertzea sustatzen duen sistema, bere helburu nagusietarikoa borroka ideologikoan dauka. Publikoa dena txarra eta garestia da, pribatua hobeto doa, gestio pribatua efizienteagoa da… halako mantrak oso errotuak daude gure gizartean eta denok entzuten ditugu egunero taberna, irratian edota gure manifestazioan ere. Sistema ekonomiko alternatibo baten alde lan egiten dugun pertsonek erronka bikoitza daukagu. Batetik kapitalismo basatiak sortzen dituen ezberdintasunak agerian utzi eta borrokatu eta, bestetik, publikoa, denona dena defendatu.
Sindikatuak izan dira beti neoliberalismoaren helburu nagusienetarikoa, langileria batu eta batera borrokan jarri dituztelako. Gaur egun oso gutxietsita daude oro har, baina pentsatu beharko genuke zergatik den hori. Gure ustez langileriaren aurka egiteko estrategia zehatza da, eta gogoratu nahi dugu sindikatuak ez direla sindikalgintza. Langileok elkartzeko eskubidea eta beharra dute sortzen zaizkien arazoei aurre egiteko. Gizartea antolatzeko eskubidea duen moduan. Kontrakoa, enpresa eta gobernuen aurrean bakarrik aritzea da. Gizarte eragileak behar ditugu eta defendatuko ditugu.
Sakanako Abian