Egun ez da zaila Jerusalengo Vallero plazan itzala aurkitzea, HQ Architects estudioak diseinatutako lore erraldoiei esker. Landare hiritar erakargarri hauek oinezkoen presentzia sumatu orduko loratzen dira, espazio publikoak erabiltzaileen beharrei erantzuna emanez.
Behin loratzean 9 metroko altuera eta beste hainbesteko diametrodun lau loreek osatzen duten multzoak Warde izena hartzen du. Landare hiritarrak hiriko merkatuaren sarbidean daude kokatuta, Jerusalengo tranbia geltokiaren ondoan. Loreak oinezkoak hurbiltzerakoan puzteaz gainera, tranbia plazara hurbiltzen ari dela ere zabaltzen dira, erabiltzailea trenaren etorreraz jakinaraziz.
HQ taldeak proiektua diseinatzerakoan plazaren egoera kaxkarra nabarmendu du. Tranbiak espazio publikoa bitan banatzeaz gainera, plazak inguruan ez du inolako egitarau osagarririk eta hori gutxi balitz, hiriko instalazio elektrikoen azpiestazioen transformadoreak daude bertan kokatuta. Dena dela, Warde proiektuaren helburua ez da kaos horri aurre egitea izan, hiri espazio publikoa indartzea baizik.
Loreen funtzionamendua sinplea da. Landarearen sustraiak lur barrenean kokatuta dagoen arketa elektrikoa dira, eta energia elektrikoa zurtoinetik gora doa, lorearen ardatzean kokatutako aire konpresoreraino. Azken hau, presentzia termostatoen bitartez, landareen loratzeaz arduratuko da.
Udako egun bero batean oinezko batek itzal unea bilatzen badu, gerturatu orduko lorea puztu eta zabalik mantenduko da pertsonak alde egiten duen arte. Tranbia geltokira gerturatzen denean, lau loreak aldi berean zabalduko dira bidaiari ohartarazteko trena hartu nahiko balu presa eman beharra duela. Hiri espazioa eta erabiltzailearen arteko erreakzio azkarra da.