Sakanan banda zabala lortzeko bideak aztertzen

Guaixe 2016ko mai. 16a, 08:12

Guifi.net fundazioko Roger Baigek euren proiektua aurkeztuko du Sakanan: internet banda zabala modu komunean, librean, zabalean eta neutralean zabaltzeko elkarlaneko ekimena.Bihar, 17:30ean, Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako egoitzan.

Gauza jakina da Sakanako telekomunikazio sareak gabezia nabariak dituela gaur egun. Makina bat eragilek, erakundek eta partikularrek, udalak eta Sakanako Enpresarien Elkarteak tartean, egoera hobetzeko eskaria egin diote Nafarroako Gobernuari, telekomunikazio enpresei eta hainbat eta hainbat erakunderi. Sakanako Garapen Agentziatik aipatu dutenez, Guifi.net fundazioarekin elkarlanean Sakanako herriei kalitatezko Internet zerbitzu bat izatea ahalbidetuko dien ekimena jarri nahi da martxan. Horretarako, aipatu fundazioaren aholkularitza jasoko da.

Egoeraren aurrean Sakanako Garapen Agentzia Guifi.net fundazioarekin harremanetan jarri da. Guifi.net fundazioaren helburua telekomunikazio sare komun, libre, zabala eta neutralaren garapena sustatzea da. Hau da, telekomunikazio banda zabalen garapena sustatu nahi du, beti ere irisgarritasuna eta interes komuna oinarri hartuta. Eta diru etekinik ateratzeko asmorik gabe, fundazioa baita. Guifi.net proiektuaren bitartez, ohiko telekomunikazio enpresak iristen ez diren tokitara banda zabaleko Interneta eramatea lortu da, besteak beste irrati-frekuentzia antenen bidez. Ur sareak aprobetxatzen dituzte bertatik zuntz-optikoa sartzeko ere. Guifi.net fundazioko kideek diotenez “hauxe da zuntz optikoa landa eremuetako etxeetara eramateko modurik ekonomikoena”.

Elkarlaneko proiektua da. Lehenik eta behin norbanakoen ahalegina dago, norbanako bakoitzak antena bat jarri beharko duelako sarea jasotzeko. Eta gero administrazioen ahalegina dago, azpiegiturak baimendu eta jarri behar baititu, boluntarioena, informazioa eman eta laguntza ematen baitute, eta elkarlaneko ekonomia hori burutzeko lan egiten duten enpresena ere. Izan ere, aipatzekoa da ekimen horrek tokiko garapenari loturiko lanpostuak sortzeko erakutsi duen gaitasuna.

Hitzaldia asteartean
Guifi.net Fundazioko Roger Baig Sakanara etorriko da euren elkarlaneko proiektuaren berri ematera. Hitzaldia eskainiko du bihar, 17:30ean Mank-eko egoitzan, Lakuntzan. Elkarlanean oinarrituriko proiektua izanik, herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. Horregatik aurkezpen honetara Sakanako herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Sakanako Garapen Agentzia.

www.fundacio.guifi.net
Fundazioaren informazio gehiagorako.