Proiekzioa, herri kirolak eta afaria Irurtzungo Kirol Ekitaldiak despeditzeko

Maider Betelu Ganboa 2016ko mai. 13a, 10:21

Gaur eta bihar, Irurtzunen

Irurtzungo Kirol Batzordeak eta kirol taldeek antolatutako Irurtzungo Kirol Ekitaldiak bihar despedituko dira. Herrian lantzen diren kirolak, euren osasuna eta arazoak eta Irurtzun eta bere ingurunea ongi ezagutzeko parada eman dute ekitaldi hauek. Aurreko ostiralean mahai-inguru bikaina antolatu zen kultur etxean, eta Tamara Angulo (indoor zikloa), Fermin Escudero eta Jose Javier Zabaleta (pilota), Imanol Arregi (areto futbola), Txomin Nagore (futbola), Mikel Lasarte (herri kirolak), Alejandro Maya (txirrindularitza) eta Luis Martil (karatea) irurtzundarrek euren esperientziaren berri eman zuten Mikel Goldarazenaren gidaritzapean. Atzo, ostegunean, kirola eta osasunari buruzko hitzaldia eskaini zuen OREKA fisioterapia eta osteopatiako Eduard Casanovasek, eta asteburu honetan bizpahiru ekitaldi burutuko dira, proiekzioa, Irurtzungo taldeen arteko herri kirol proba mistoak eta gaitasun-probak eta herri afaria, tarteko.

Irurtzungo Kirol Ekitaldiak
Maiatzak 13, ostirala, 20:00etan, Kultur Etxean. Proiekzioa: Irurtzun eta bere ingurunea. Sakanako Ibilaldia, eskalada Bi Ahizpak pasabidean eta Irurtzungo bidexkak.
Maiatzak 14, larunbata, 18:00etan Foruen plazan: Herri kirolak mistoa eta gaitasun-probak (Irurtzungo taldeak)
Maiatzak 14, larunbata, 21:00etan, Barazki Gunean (Karpa): Herri afaria. (Txartelak Irurtzungo udaletxean salgai, 10 eurotan, maiatzaren 11 baino lehen).