Sergio Garcia de Eulate bikain Iruñeko Half Triatloian

Guaixe 2016ko mai. 16a, 15:10
Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate, Javier Borrega, Alejandro Zabala eta Aitor Mozo.

600 triatleta baino gehiagoren artean 25.a sailkatu zen Sakana Triatloi Taldeko altsasuarra

Iruñeko Half Triatloia (1,9 km-90 km-21 km)
1.Gustavo Rodriguez: 3:53:24
25.Sergio Garcia de Eulate (Sakana T.T.): 4:20:57
86.Javier Borrega (Sakana T.T.): 4:36:53
194.Isidro Asurabarrena (Sakana T.T.): 4:54:53
23.Iñaki Alvaro (Sakana T.T.): 5:01:41
333.Mikel Lakuntza (Sakana T.T.): 5:14:13
389.Oscar Sanz de Acedo (Sakana T.T.): 5:23:34

650 triatleta inguruk hartu zuten parte larunbatean Aritzaleku kanpinetik Iruñeara bitartean jokatutako Iruñeko Half Triatloian. Allozeko urtegian 1,9 km igerian ibili eta gero, bizikleta hartu eta 90 km egin zituzten, Iruñeara iritsiz. Bukatzeko, Iruñean barna 21 km-ko korrikaldiarekin osatu zuten proba. Gustavo Rodriguez (3:53:24) eta Sara Loher (4:22:10) izan ziren txapeldunak proba gogor honetan. Sakana Triatloi Taldetik 5 triatletek hartu zuten parte proba izugarri honetan eta Sergio Garcia de Eulate izan zen azkarrena, helmugara 25. postuan iritsita (4:20:57).

Lakuntzarrak Hondarribin
Larunbatean Hondarribiko Sprint Triatloia jokatu zen (750 m igerian, 21,7 km bizikletan eta 5 km korrikan). Martin Ignazio Müllerrek (1:12:49) eta Estefania Gomezek (1:24:47) irabazitako proban Sakana Triatloi Taldeko Alejandro Zabala eta Aitor Mozo lakuntzarrak aritu ziren. Zabala 30.a iritsi zen helmugara (1:20:02) eta Mozo 32.a (1:20:20).

Gallego Gorlizen
Igandean Gorliz Badiako X. Triatloian aritu ziren triatletak (750 m igerian, 20 km bizikletan eta 5 km korrika). Ander Okamika (1:06:29) eta Virginia Berasategi (1:14:55) gailendu ziren eta Trigoi taldean dabilen Iñaki Gallego altsasuarra 127.a sailkatu zen (1:24:50).