VI. Sakana Burunda martxan eta XXI. Altsasu BTT Zeharkaldian izena ematea zabalik

Guaixe 2016ko mai. 18a, 08:51

Ekainaren 4an eta 12an jokatuko dira eta izena ematea zabalik dago

Ekainaren 4an Barranka Txirrindulari Taldeak antolatutako VI. Sakana Burunda martxa zikloturista jokatuko da. Bi aukera daude, martxa luzea egitea (124 km), hau da, Altsasutik aterata, Ziordiraino jo, gero Altamira igotzeko, handik Etxarri Aranatzeraino, Lizarragako katea igotzeko eta Uharte Arakilen Aralarko San Migelera igotzea, gero Baraibarretik jaitsi eta Madotz gaina hartuz Satrustegira jaitsi eta handik zuzen Urdiainera joaten dena, San Pedrotik Altsasura iritsi arte, edo ibilbide laburra (100 km), Uharte Arakileraino luzea bezalakoa dena baina Uharten aurrera egiten duena, Zuhatzun buelta hartu eta Urdiainen San Pedro bidetik sartuz Altsasuraino iristen dena. Proba ez lehiakorra da, baina Uhartetik San Migelerako igoera kronometratzen da.

Bestalde, ekainaren 12an XXI. Altsasu BTT Zeharkaldiaren txanda izanen da. Barranka Txirrindulari Taldeak antolatuko du ere proba ez lehiakor hau. Bi ibilbide daude: luzea 46 km) eta motza (34 km).

Bi probatan izena emateko
www.barrankatt.com edo www.rockthesport.com web guneetan. Bertan dago proben informazio guztia. Sakana Burunda martxarako ekainaren 3ra arte federatuek 25 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabekoek 30 euro. Barranka klubeko bazkideen kasuan, federatuek 15 euro ordainduko dituzte eta federatu gabekoek 20 euro. Bestalde, BTT Zeharkaldirako ekainaren 10era bitartean federatuek 18 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabekoek 22 euro. Barranka klubeko bazkideek, federatutakeok 8 euro eta federatu gabekoek 12 euro.