Harremanei eta zehazki bikote harremanei buruz irakurtzen diren ipuin gehienak eta telebistan ikusten diren pelikula asko, bikotea osatu eta elkarbizitzen hasten diren momentuan amaitzen dira.
Maiteminari buruz asko eta asko idatzi da, garrantzia emanez edo kenduz, sorrarazten dizkigun sentsazioak erakutsiz, eta nola kudeatu dezakegun aholkuak emanez. Egia da sentimendu honek bere garrantzia duela gure bizitzan, eta interesgarria dela ondo ezagutzea eta bideratzea, baina bikote harremanetako bidai garrantzitsuena bikote bezala elkarrekin bide bat jorratzea erabakitzen dugunean hasten da.
Nolako bikotea izan nahi dugu? Elkarrekin bizi nahi dugu? Zer nolako harremanak nahi ditugu bakoitzaren familiarekin? Gure arteko harremanetan zein arau edo limite ezarriko ditugu? Nola zainduko diogu elkarri? Bakoitzaren beharrak, nahi dituen espazio propioak… Hau da, gure arteko kontratua nolakoa izango da.
“Kontratua “ hitza nahita erabiltzera nihoa, zeren askotan ideologikoki oso hotza iruditzen zaigun hitza denez, askotan hasierako galdera horiei ez diegu erreparatzen. Bikote askok uste dute elkarrenganako duten maitasunarekin nahikoa dela eta horrekin jada dena egina dagoela.
Nire lanean etengabe ikusten ditut bikoteak eta guztietan argi adierazi ez diren arauak. Eguneroko bizitzarekin batera eraiki dira, eta argitasun ezak ondoren arazoak ekartzen ditu.
Bikote harremanetan bakoitza gure motxilarekin iristen gara. Gure motxilan, alde batetik, gure familian eta bizitzan jasotako baloreak, ideiak eta afektuak daude, eta, bestetik, gure proiektuak, desioak eta etorkizunari eskatzen dioguna ere. Horrela, adierazi edo ez, norberak bizitza eta harremanak ulertzeko modua du, eta harreman bakoitzean espero duguna, bestearengandik jasotzea nahi duguna ere. Garrantzitsua da honi guztiari erreparatzea, arreta jartzea.
Bikote harremanetako ibilbidea elkarri ulertzeko, zaintzeko eta bestearen ahultasunak ezagutu, onartu eta gainditzen laguntzeko espazio bat izateko, ezinbestekoa da norberaren beharrei erreparatzea, norberaren emozioak eta zailtasunak kontutan hartzea. Eta hau guztia lortzeko ezinbestekoa iruditzen zait elkarrekin dugun kontratua, adostea, eta behar dugun heinean moldatzea, egokitzea…
Maitasunak, inertziaz, ezin du hau guztia eraiki. Maitasuna gure buruari begiratuz, bestearekiko begiradara iritsi eta kontratuaz hitz egin eta adosteko lagundu diezaigukeen lagun on bat da.