Gai bat hartu eta horren inguruan euskaraz hitz egitea. Horixe da Astelehen Zoriontsuak taldearen helburua. Hizketarako gaiak irakurritako testuetatik (artikuluak, erreportajeak, liburuak) edo ikusitako ikus-entzunezkoetatik (telebista saioak, filmak, sareetako bideoak) hartzen dituzte. Aurreneko saioan (apirilaren 18an), esaterako, Bidador pastoralaren proiekzioak eman zien zer esana. Bigarren saiorako gaurkotasunezko gaia aukeratu du Astelehen Zoriontsuak taldeak: paradisu fiskalak.
Iritziak euskaraz partekatzea nahi duten guztiak “esku zabalik” hartuko dituzte. Astelehen Zoriontsuak taldetik azaldu dutenez, sortu berriak dira eta antolakuntzak taldekideen ekarpenarekin eginen du aurrera.