Telekomunikazioak hobetzeko bide bila

Guaixe 2016ko mai. 20a, 09:33

Sakandarrek Guifi.net ereduaren berri jasotzen. Argazkia: Enara Insausti.

Zuntz optikoa iritsi bitartean, kostako da, telekomunikazioen sare komunalaren bidez konponbideak ematea litzateke helburua.

Sakana 2020 Plan Estrategikoan lehentasun gisa jasoa dago industrialdeen eta, orokorrean, sakandarren telekomunikazioen hobekuntza. Gaur egungo egoera “nahiko tamalgarria” dela aitortu du Sakanako Garapen Agentziako (SGA) Iker Manterolak. Egungo ereduak eskaintzen duena ikusita telekomunikazio sare komunalaren sustapenean hobetzeko aukera ikusi da.

Ibarrean Guifi.net fundazioaren telekomunikazio eredua zabaltzeko dauden aukerak ikusteko lehen azterketa eginen da. Horren ondoren, pixkanaka eredua Sakanan zabaltzeko asmoa legoke. Horretarako, kontuan hartuko lituzkete sakandarren beharrak eta eredu bera garatzeko toki hoberenak hartuko lirateke. “Toki batzuetan egitasmo pilotuak jarriko lirateke. Horrela, ikasten eta zabaltzen joatea. Horrek eskatuko du instalatzaileek halako azpiegiturak martxan jartzeko trebakuntza jasotzea”. Bertako ekonomia sustatzeko bide bat dela gaineratu du. Prozesu horretan Guifi.net fundazioaren eskutik joanen da SGA, duten eskarmentuagatik eta gaitasunagatik.

Bi saio
Fundazioko Roger Baigetek euren ereduaren berri eman zien enpresa ordezkariei eta sakandarrei asteartean. Telekomunikazio enpresa handiak iristen ez ziren herri batean azpiegitura sare komun baten alde egin zuten. Eredu eskualdean zabaldu zen sare libre, neutral eta zabala eratuz eta, ondorioz, gaur egun eskualde hori da Internet eta banda zabal sarbiderik handiena duen Kataluniako eskualdea. Herritarrei eta enpresei zerbitzu duina eskaintzeaz aparte, azpiegitura horiek mantentzeagatik tokiko-ekonomia sustatzea lortu dute. Sakandarrek gaur egun zerbitzu egokirik jasotzen ez dutela adierazi zuten, “ez kalitatean, ez abiaduran… zerbitzu kaxkarra, oso garesti ordaintzen dena”.

Nafarroako Gobernua, bestalde, herrialderako telekomunikazioen plan estrategikoa prestatzen hasi da. Horren berri jaso zuten udal ordezkariek herenegun. Gobernuaren aurreikuspenen arabera zuntz optikoa Irurtzungo industrialdera iritsiko da. Eskualdeen arabera eredu ezberdinak aurreikusten ditu. SGAk eta Guifi.net fundazioak azken horren ereduak plan estrategiko horretan tokia izan dezala eskatu dute. Manterolak argitu duenez, “iruditzen zaigu Nafarroaren parte handi baterako eredu interesgarria dela. Herri txiki edo telekomunikazio sare kaxkarra duten herrietara iristeko oso modu interesgarria da”.