Santa Marinan da hitzordua

Guaixe 2016ko mai. 20a, 14:29

Santa Marinako plaza jendez beteko da berriro ere.

Bakaikuarrek eta iturmendiarrek Santa Marinarako bidea hartuko dute domekan. Goiz hartuko dute mendiko bidea, eguerdirako han izateko. Ermitak elizkizuna hartuko du. Santa Marinako plazan elkartuko diren bakaikuarrek eta iturmendiarrek auzatea izanen dute ere, Bakaikuko Udalak eskainia. Hari baitagokio aurten festaren antolakuntza. Auzatearekin batera, musikak giroa alaituko du. Mahaira eseri eta bazkari ederrez gozatzeko aukera izanen dute batzuk eta besteek.

18:00etan herrietarako bidea hartuko dute. Bakaikuarrek, aspaldiko partez, Dantzalarreko geldialdia  berreskuratuko dute. Garai batean bezala, menditik herrira txistularien laguntzaz jaitsiko dira eta Barga erdialdean dagoen Dantzalarren auzatea eta dantzaldi laburra eginen dute. Horretarako propio, auzolanean garbitu zuten larunbatean inguru hori. Hangoak despedituta, dantzarako doinu gehiago plazan izanen dira: Dj Jotatxok 19:30etik 23:00etara doinu dantzagarriak jarriko ditu.