Plazaolari Europako bultzada

Plazaolari Europako bultzada

2020rako, Arakilen eta Irurtzunen barna, Endarlatza eta Iruña bide berde bidez lotuta egonen dira.

Espainia-Frantzia-Andorra POCTEFA 2014-2020 lurralde-lankidetzarako programak zein proiektu diruz lagunduko dituen jakinarazi zen ostiralean. Nafarroari onartutako 58 proiektuen artean dago Ederbidea egitasmoa, Bidasoa eta Plazaolako bide berdeak osatzea eta elkartzea asmo duena. Arakilgo Udala kide den Plazaola turismo partzuergoak, Imozko Udalak, Baztango turismo elkarteak eta Cederna-Garalurrek sustatu dute egitasmoa. Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren 1,7 milioi euro inguru diru-laguntza jasoko du. Egitasmoak 2,4 milioi euroko aurrekontua du eta hiru urtetan eginen da.
Lanak Nafarroan eginen badira ere, Europa zeharkatuko duen Eurobelo bizikletendako sarean txertatuko da egitasmoa. Izan ere, Ederbidea moduko egitasmoak bulkatuz bizikleta gaineko garraio iraunkorra garatu nahi dute Gipuzkoak, Nafarroak eta Pirinio Atlantikoek osatutako mugaz gaindiko lurraldean.

Egoera
Patxi Saezek, Nafarroako Gobernuko Sakanarako turismo arduradunak, Bidasoa eta Plazaola bide berdeen egoeraren berri eman digu: “Bidasoakoa aurreratua dago, Endarlatsa eta Doneztebe artean eginda dago. Doneztebe eta Elizondo arteko zatia faltako litzateke. Plazaolari dagokionez, Andoain eta Irurtzun arteko zatia egina dago. Irurtzun eta Latasa arteko lurren desjabetzeak egiten ari dira orain. Sarasa eta Berriosuso arteko lurren desjabetzeak egiteko daude”. Biak Imotzen dauden bideak baliatuz lotuko dira: “han ez zegoen trenik. Dauden bideak baliatuz eginen dira. Bi ibilbide daude eta aukeratu beharko da”.

Saezek hiru urterako prozedura azaldu digu ere: “Lehenik, Endarlatsa eta Iruña lotuko duen bide berde guztia Udalez Gaindiko Plan Sektorial batean jasoko da. Proiektua emanen da. Desjabetzeak egin eta lanak hasi”. 2020rako egina beharko luke Aizkorbe eta Irurtzundik pasako den biziklentendako ibilbidea.

Turismo teknikariak azaldu digunez, “autoendako errepide sarea dagoen moduan, Nafarroa guztian bizikletendako (oinezkoendako eta zaldizkoendako ere) bide sare bat sortzeko asmoa dugu. Hala dago jasoa gobernu akordioan”. Egitasmo horri Europak bultzada eman dio. Ibarra zeharkatuko lukeen bide egitasmoa buruan izan du beti Sakanako Mankomunitateak. “Proiektu honetan ez da sartzen. Sakandarrek mugitu beharko duzue. Arabarekin lotzeko eta Plazaolarekin Europa, Iruña eta Donejakue bidearekin bat egiteko aukera ematen du”.