Magna Gurpea Xotaren balentria: Play-offetako finalerdietarako sailkatu da

Guaixe 2016ko mai. 23a, 11:19

El Pozo Murcia final laurdenetan bidean utzita, finalerdietan Bartzelona izango du aurkari talde berdeak

Magna Gurpea Xotak historia egin du. Lehen mailako areto futboleko titulua erabakitzeko Play-Offetarako finalerdietara sailkatu da, final laurdenetan El Pozo Murcia talde ahaltsua bidean utzi eta gero. Orain arte jokatutako Play-Offetan El Pozo Murciak beti irabazi izan du Xota. Baina aurten, aldiz, talde berdeak lortu du gailentzea. Magna Gurpea Xotak hirugarren aldiz jokatuko ditu Play-Offetako finalerdiak. Bartzelona izango du arerio.

Play-Offetako final laurdenak ongi hasi ziren Imanol Arregiren taldearendako. Iruñean jokatutako joaneko partida irabazi zuten berdeek, 4 eta 3. Hala ere, El Pozo Murcia finalerdietara pasatzeko faboritoa izaten jarraitzen zuela nabarmendu zuen Imanol Arregik. Itzulerako partida ostiralean jokatu zuten eta El Pozo nagusitu zen, 7 eta 3. Talde berdea ez zen oso fin ibili. Hortaz, igandean jokatutako hirugarren partidak erabaki zuen nor pasako zen finalerdietara.

Magna Gurpea Xotaren eta El Pozo Murciaren arteko berdinketa hausteko partida ikusgarria izan zen. Hasieratik irabaztera atera ziren bi taldeak. El Pozo aurreratu zen, lehen minutuan Adrik sartutako gol bati esker. Baina Araçak eta Rafa Usinek buelta eman zioten partidari eta 1 eta 2 aurreratu ziren berdeak. Bikain aritu zen Imanol Arregiren taldea, ongi defendatuz eta El Pozo estutuz. Asierrek geldialdi bikainak egin zituen eta atsedenaldia baino lehen Rafa Usinek talde berdearen hirugarrena sartu zuen.

Atsedenaldiaren ondoren El Pozo partidari buelta ematera atera zen. Victor baloia ateratzen saiatu zen baina Magnaren ate barruan bukatu zuen. Roberto Martil irurtzundarrak bigarren txartel horia ikusi zuen eta jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren berdeak. Eta penaltiz berdintzea lortu zuen El Pozok. Imanol Arregi ausarta izan zen eta Araça atezain-jokalari bezala jarri zuen. Partida bukatzeko 20 segundoren faltan, Dani Saldise irurtzundarrak garaipenaren gola sartu zuen.

Imanol Arregi pozez zoratzen zegoen. “Denboraldi guztiko partidarik onena egin dugu lehen zatian. Oso kontentu nago jokalariekin. El Pozoren kontra parez pare ibili gara eta gol gehiago egiteko aukera ere izan dugu” adierazi zuen entrenatzaileak. “Una gogorrak bizi izan ditugu baina jokalariei esan diet erritmoari eutsi behar ziotela. Azkenean El Pozok berdindu du baina ezin genuen konformatu, ez genuen prorrogara joan nahi.  Horregatik atezain-jokalariarekin rriskatu dugu eta guztia ematera atera gara. Eta azken segundotan garaipena lortu dugu. Finalerdietara sailkatzea egin dugun lanaren sari bikaina da, baita afizioarena, beti gure alboan izan direlako” gaineratu zuen Arregik.

Larunbatean Bartzelonaren kontra
Play-Offetako finalerdietan Magna Gurpea Xotak Santa Coloma irabaztetik datorren Bartzelona izango du arerio. Joaneko partida Bartzelonan jokatuko dute, maiatzaren 28an, larunbatean. Itzulikoa, aldiz, Iruñean jokatuko da, ekainaren 4an, larunbatarekin. Berdinduz gero hirugarren partida hurrengo egunean jokatuko litzateke.

Ospakizunak alde batera utzita, Bartzelonaren kontrako partida garrantzitsua prestatzen nahikoa lan izango du talde nafarrak aste honetan. Bartzelona da faboritoa, baina ea berdeak balentria errepikatzeko gai diren.