Hamar udal goi tentsioko linearen kontra

Guaixe 2016ko mai. 26a, 11:14

Deikaztelu eta Itsaso artean Sakanan barna egin nahi den 400 kV-eko argindar linea egitasmoaren kontrako plenoko akordioa hartu dute.

Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain dira goi tentsioko linea egitasmoaren kontra agertu diren Sakanako hamar udalak. Haiekin batera, akordio bera hartu dute Gipuzkoako eta Nafarroako beste 21 udalek (egitasmoak guztira 33 udal ukitzen ditu). Guztiek ere proiektuaren kontra egin dezatela eskatzen diete Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Diputazioari.

Udalen iritziz egitasmoa ez da onargarria eta paisaia, ekonomia eta ingurumen argudioak eman dituzte. Autopista Elektrikorik Ez! plataformako Alberto Friasek adierazi zuenez, “egitasmoa ez die eskualdeen beharrei erantzuten, Frantziara argindarra esportatzeko da”. Gogorarazi zuen hasieran ezinezkoa jotzen zen 220 kV-eko bi lineak berrindartzea orain proiektuan jasoa dagoela. Bi linea horiek dira Sakana zeharkatzen dutenak. Argindar horniduran izaten diren etenak saihesteko 400 kV-eko linea bat ez dela beharrezkoa ere nabarmendu zuen. Nafarroako Gobernuaren iritzia jaso nahi dute eta, horregatik, M;anu Aierdi lehendakari-ordearekin biltzeko asmoa azaldu dute. Nafarroako Parlamentura jotzeko aukera ere ez dute baztertu.

Egitasmoa ukitzen duten ia udal gehienak aurka azaldu dira. Iritzia ematea falta direnen artean dago Altsasu.