Tokiko garapenari buruzko mintegia

Guaixe 2016ko mai. 30a, 08:17

Garagartzaroko aurreneko hiru asteazkenetan Altsasuko Iortia kultur gunean izanen dira, 16:30ean hasita.

Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Garapen Agentziak (SGA) tokiko garapenari buruzko mintegia antolatu dute. SGAn energia, industria eta zerbitzu arloez arduratzen den Aitor Eguzkitza Diegok esan digunez, mintegia “Sakana barne garapen politikak aurrera eramateko orduan marko argi bat definitzeko erabilgarri izanen da”. Eguzkitzak zehaztu duenez, “gure helburua, garapen lokalerako estrategia koordinatu bat artikulatzeko lehen pauso bezala, udaletako, agentzia desberdinetako, formakuntza zentroetako, sindikatuetako, enplegu zerbitzuko eta abarretako pertsonak arlo horretan trebatzea da”. Helburua lortzeko “lanerako gidalerro argiak definituz eta beste zonaldeetako arrakasta kasuak erakutsiz bideratuko dugu”.

Egitaraua
Garagarrilak 1, asteazkena
Francisco Alburquerque (www.delalburquerque.es) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorearen (Madrilgo Complutense Unibertsitatea) mustutze hitzaldia. Alburquerque Hego Amerikako tokiko ekonomia garapenaren ikerketa-ekintza arloan egindako ibilbideagatik saritua izan da. Gaur egun, Hego Amerika eta Karibeko tokiko ekonomia garapenean trebatzeko programako eskualde kontseilari-tekniko gisa ari da lanean.

Garagarrilak 8, asteazkena
Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutua (www.orkestra.deusto.es/eu/). Iñigo Ruiz de Apodakak Deustuko Unibertsitateak Deustu Fundazioaren bidez sustatzen duen ekimenaren berri emanen du. Orkestrak hainbat ikerketa lerro erabiliz lehiakortasuna eta lurralde garapena ikertzen ditu. Hori hiru helbururekin egiten du: Euskadiren lehiakortasuna hobetzeko ekarpena egitea, herritarren ongizatea hobetzea eta lurralde lehiakortasunean jakintza sortzea.

Orkestra lan taldeak ikerketa eraldatzailea sustatzen du 2006tik. Analisia, hausnarketa, ebaluazioa eta ekintzen etengabeko proposamenak dira ikerketa ildo horren adierazgarriak. Guztia, aztertutako arazoei erantzun berritzaileak emateko eta, bide batez, ezagutzan sakontzeko.

Bere jardunak Orkestra elkarlan publiko-pribatuaren arrakasta eredu bihurtu du. Hainbat sarerekin, enpresarekin, gobernurekin eta erakunderekin makina bat proiektuetan lan egiten du. Euskadiren lehiakortasuna sustatzeko agente garrantzitsua izateaz aparte, testuinguru globalean eskualde lehiakortasunaren analisian nazioarteko erreferente bilakatu da.  

Garagarrilak 15, asteazkena
Azaro fundazioa (www.azarofundazioa.com). Ainhoa Arrizubieta Zabalak Lea Artibai eskualdean enpresa berriak sortu eta enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzea helburu duen fundazioaren berri emanen du. Erakundeak honako zerbitzuak eskaintzen ditu: eskualdean ekonomia-jarduera berriak sortzea eta lehen urteetan haiek laguntzea; berrikuntza proiektuetan eskualdeko enpresei laguntza ematea (produktuan, zerbitzutan, prozesuetan, merkatuan, kudeaketa eta antolakuntza); lehiakortasuna hobetzeko proiektuak (planifikazio estrategikoak, marketing planak, finantza eta ekonomia ikerketak, bideragarritasun planak…) eta behatokia, negozio eta berrikuntza aukera berriak identifikatzeko.