EH Bilduk 8 inbertsio egitea proposatu du

Guaixe 2016ko mai. 27a, 10:44

Altsasuko Udalak 1,9 milioi euroko diru gerakina du, “PPren gobernuak berau gastatzeko jarri dituen baldintzengatik eta azken urteetako kudeaketa onaren emaitza da”. Diru horrekin egin behar diren inbertsioak erabakitzerakoan koalizioak hiru irizpide kontuan hartzea proposatu du: altsasuarren iritzia eta parte hartzea kontuan hartzea;  inbertsio horien obrek enplegu sorreran eragina izan dezatela eta epe motzeko inbertsioetan ez erortzeko, planifikazio egoki bat egitea.

Horiek kontuan izanik, inbertsiorako zortzi proposamen egin ditu koalizioak: pergola baten eraikuntzarako konpromisoa; energia kontsumoa murrizteko kaleko argiteriaren aldaketaren urte anitzetako plangintza; udal eraikinetako gas eta gasolio galdarak biomasa galdarengatik ordezkatzea; Otadian frontisa jasotzea; herrian kaleko edukiontziak eta kale seinalizazioa jartzea; kaleko kableak lurperatzeko urte-anitzeko plangintza;  Dantzalekun eta Zelandin autokarabanendako guneak egokitzea eta ikastetxeetara bizikletan joateko ibilbideak egokitzea.

Iritzia
Altsasuko EH Bilduk udalaren egoera “osasuntsua” dela adierazi du: “ ez du zorrik eta urtero pixkatxo bat aurrezteko gai da”. Koalizioak gaineratu duenez, “aurrezpen hori pixkat fikziozkoa da. Izan ere, aurreikusita dagoen guztia erabiltzen ez delako aurrezten baita eta diru sarrerak eguneroko gastuei aurre egiteko erabiltzen baitira”. Diruzaintzako gerakina erabiltzerakoan “PPren gobernuak jarritako baldintzengatik” udalak erraztasunik ez duela gaztigatu dute EH Bildutik: “ezin da gastu arruntetarako erabili; inbertsioa abenduaren 31a baino lehen bukatuta egon behar da; inbertsio horren mantentze kostuak udalak datozen urteetan aurre egin ahal izateko adina izan daiteke eta ezin da erabili ibilgailuak, altzariak eta 5 urte baino gutxiagoko bizitza izanen duten inbertsioak egiteko.” Bestalde, hirigintza auzien epaien zain udalak epaileen ebazpenek ekar dezaketen ordainketei aurre egiteko 900.000 euro gordetzea erabaki du udalak.

Gonbidapena
EH Bilduk altsasuar guztiak gonbidatu ditu bai gerakina erabiltzeko zein udaleko zerbitzuak hobetzeko proposamenak egitera. Udal taldea astelehenero 17:30ean biltzen dela jakinarazi du. Bestela sare sozialen (twitter eta facebook) edo altsasukoehbildu@gmail.com e-posta bidez harremanetan jartzeko aukera dutela jakinarazi die.