UEMA eguna, 25 urtez euskarari hauspoa ematen

Guaixe 2016ko mai. 27a, 10:59

Larunbatean, 10:00etatik aurrera, Leitzan.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, bere eguna ospatuko du bihar. 25. edizioa izanen da eta 25 urte euskara hauspotzen leloa izanen du. Aurkezpenean Leitzako alkate Mikel Zabaletak nabarmendu zuenez, “festa udalerri euskaldunek herri honi egin dioten ekarpena gogoratzeko eta 25 urtetan egindako lana eta bidea aitortzeko da. Aldarrikapena, euskaraz bizi nahi dugula gogoratzeko eta udalerri euskaldunok babes berezia eta hizkuntza politika aurrerakoia merezi dugula esateko”.

UEMAk, ohi bezala, bere egunean batzar nagusia eginen du. Hainbat gai izanen dituzte aztergai, horien artean kide egiteko hiru udalek egindako eskaerak. Bihartik aurrera 76 kide izanen ditu mankomunitateak. Batzarra eginen den garai berean, hausnarketarako tartea eskainiko du arnasguneei buruzko mintegiak: hainbat herritako esperientziak konpartitzeko aukera izanen da.

UEMAk, udalekin elkarlanean, arnasguneei buruzko tailerrak antolatu ohi ditu udalerri euskaldunetan. Hauetan, euskararen normalizazio prozesurako giltzarriak diren elementuak aurkezten dira eta baita herri mailan eragiteko aintzat hartzeko esparruak definitu ere. Ondoren, identifikatzen diren hutsuneak gainditzeko, herrian bertan egin daitekeenari buruz hausnartzen dute parte-hartzaileek. Herrietan hausnartutakoaz elkarrekin hitz egiteko eta esperientzia konpartitzeko aukera izanen da Leitzan.

Egitaraua
9:00etan Diana, txistulariak herrian barna.
10:00etan Arnasguneen tailerra, Atekabeltz gaztetxean.
10:00etan UEMAren batzar nagusia, udaletxean.
11:30ean Herrien arteko kirolak, plazan.
12:30ean Ekitaldia: udalerri euskaldunak, 25 urte euskara hauspotzen, Leitzako Aurrera dantza taldearen eta Jeiki abesbatzaren laguntzarekin.
13:15ean Flash-moba, Euskara hauspotzen.
14:30ean Herri bazkaria. Ondoren, Anjel Marizkurrena abeslaria.
18:00etan Dj Porru, haurrendako ikuskizuna.
19:30ean R Ke R elektrotxaranga herrian barna.
23:30ean Kontzertuak: Lur-J eta Akort, gaztetxean.