Ez dugu zalantzarik jartzen landarediaren artean badirela desberdintasunak. Larrosa bat halakoa eta halakoa da eta hainbateko ura behar du, argitasuna eta kontu pixka bat ederra egoteko. Haritza motelagoa da hazten eta urteak ematen ditu sendo eta altua bilakatzeko.
Azeri buztanak, aldiz, ibai eta erreka bazterretan jaiotzen dira edota ezponda ingurutan. Ur asko behar izaten dute eta hilabete batzuetan jaio eta hiltzen dira. Tomate landare baten helburua bere bizian tomateak ematea da eta bere bidea garbi du. Izan ere oso arraroa litzateke tomate landareak udareak eman nahi izatea.
Guztiek badituzte baldintza komun batzuk hazi ahal izateko. Euren bizitzaren hasieran lurra, lurra eta ura. Airera agertzearekin ez zaigu inori ere bururatzen inongo landarerik kimatzea, izan ere badakigu denbora bat behar dutela lehenengo indartu eta gero kimatzeko. Landareen hobe beharrez kimatzen ditugu, jakinda hurrengo urtean indartuago aterako direla, bestela edertasunagatik, bestetan energia bideratzeko. Inoiz ere ez da landarearen osotasuna arriskuan jartzen kimatzerakoan.
Ausartuko nintzateke esatera orain arteko lerroetan dagoenarekin jende gehiena (ez bada dena) ados dagoela. Analogia bat egingo dut landare eta gizakion hazkuntzaren artean.
Gizakiok, nahiz eta denok gizaki izan, izaera desberdinak ditugu. Batzuk mantsoak, besteak azkarrak, besteek babes asko behar dute, beste batzuk bigarren egunerako gurasoengandik urrun daude. Denek behar dugu babesa jaio eta lehenengo urteetan eta denok behar ditugu mugak bizitzan “zuzenago” joateko.
Hezkuntzako langile naizen heinean eta gizarte eta sistemaren behatzaile naizen honetatik uste dut gaizki ari garela gabiltzan modu honetan.
Zergatik saiatzen gara mundu guztiak dohain edota bertute berdinak izaten?
Zergatik kontxo ezartzen dizkiegu ume guztiei erritmo berdinak? Zergatik saiatzen gara guztiengan interes eta eduki berdinak ezartzen?
Zergatik kimatzen ditugu umeak gure ezezko beldurti eta mugatzaileekin? Euren “nor naizen ni” hori guztiz zapuztua geratzen da kimatze masibo eta zapaltzailearekin. Batez ere, goizegi mugatzen delako ene iritziz, ez mugatze hutsarekin.
Zergatik ez dugu umeen beren hazteko barne senean sinesten? Beraiek, tomate landare batek bezala, badakite zein den euren helburua bizitzan eta bide hori egiteko gaitasunak dakarte. Ken Robinsonek bere El Elemento liburuan hala defendatzen du eta nik ere hala dela sinistu nahi dut. “Zergatik” guztia horiei ez dakit erantzunik ematen.
Gustatuko litzaidake, aldiz, munduko begiek noizbait ere umeak landare eder eta delikatuak bezala ikustea. Norbera bere izaeran, kolore eta ezaugarrien arabera, errespetuz.
Gustatuko litzaidake gure beldur kimatzaile horiek alde batera utzi eta begirada maitekorraz behatu eta izaki zoragarri horiek ureztatzea. Ezer ere aldatu nahi izan gabe, izan ere badira perfektuak. Soilik begi-malkoez ureztatu eta euren edertasunaz liluratzea.