Bat eta bi

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2016ko mai. 27a, 08:05

BAT.

Badajozko kartzelan (750 km) den Gorka Fraile larriki gaixo dagoen presoetako bat da, eta 2015eko martxoan mingaineko minbizia diagnostikatu zioten. Maiatz hasieran bertako ospitalera eraman zuen poliziak tomografia axial bat egiteko; eskuburdinak jarrita egin zuen bidaia osoa presoak, baina makinan sartu aurretik kendu egin zizkioten. Une horretan, tomografia egiteko mediku arduradunak Fraileri berriz eskuburdinak jartzeko exijitu zien poliziei. Azkenean, eskuburdinak jarri zizkioten. Etxeratek ezagutzen du kontsulta edo azterketa egoki bat egiteko eskuburdinak kentzea eskatzen duten medikuen jarrera, baina lehen aldia da kontrako egoera gertatzen dela.

BI

Bestalde, ostiral honetan Fresnesera martxak antolatu ditu Sortuk. Frantziako espetxe horretan egiten ari diren gose grebak hamazapigarren eguna du gaur. Itziar Moreno bera eta Ekhiñe Eizagirre ere gose greba hasi zuten atzo, lehenengoa isolamenduan, esan dugunez, eta Eizagirre zigor ziegan (Mitard) ekainaren 1 edo 2ra arte zigortua, joan den astean ere bertan sartu zezaten bultzatu zuelako. Iratxe Sorzabal, bestalde, gaur hasi da kartzelak ematen dituen otorduak errefusatzen.

Horrez gain, Meaux presondegiko Oier Gomez eta Kepa Arkauzek 24 orduko txandakako baraualdia abiatu dute atzotik, batak egun batean, besteak hurrengoan. Gainontzekoan, Osnyko euskal preso politikoek protesta ezberdinak burutzen ari dira, Morenoren isolamendua salatzeko: gutunak zuzendaritzari, enkarteladak, kontzentrazioak, txandakako baraualdiak ere, eta abar

Kalean ere hainbat kontzentrazio eta ekimen ezberdinak egin dira, eta gutunak bidaltzen ari dira Fresnesera isolamendu hori salatzeko. Parisko Elkartasun Komiteak, bestalde, kontzentrazioa burutu zuen joan den asteburuan Fresnesko ateetan.