Bizikleta festa igandean Irurtzunen

Guaixe 2016ko mai. 27a, 13:43

Mankomunitateak antolatuta, bizikleta ibilbidea, herri jolasak, bizikleta konpontzeko tailerra eta material trukea izanen dira 9:30etik aurrera Irurtzungo Foru Plazan

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Immigrazio Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak aurreko urtean bizikleta festa antolatu zuten Altsasun eta arrakasta ikusita, ekimenarekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Baina aurten festa Irurtzunen ospatuko da, maiatzaren 29an, Foruen plazan. Ekimena behar bezala prestatzeko ondoko talde eta entitateen laguntza izan du Mank-ek: Irurtzungo Udala, Barranka Txirrindularitza Taldea, Berri Bikes denda, Muruzabal bizikletak eta Sakanako ikastetxeak eta guraso elkarteak.

Antolakuntzatik adierazi dutenez, goizeko bizikleta ibilbiderako kaskoa, mendiko bizikleta eta ogitartekoa eraman beharko dira. Jakina, aurretik bizikleta puntuan jartzea eskatzen dute. Kirol materialaren trukea egiteko materiala aurretik jaso dute Atakondoa eta San Migel ikastetxeetan.

Bizikleta festako egitaraua (igandean Irurtzunen)
9:30ean 2 orduko bizikleta ibilbide erraza Irurtzundik barna, ez lehiakorra.
11:30ean Auzatea.
12:00etan Herri jolasak: zapiak, koxkolak, soka saltoa, munduko jolasak… eta bizikleta konpontzeko tailerra.
12:30ean: Kirol materialaren trukea: patinak, erraketak, bizikletak, patineteak, palak, baloiak, esku pilotak, eskiak…
Bukaeran partaide guztien artean oparia zozketatuko da.