A. eta I. LIBRE! Ikasleak LIBRE! lelopean elkarretaratzea igandean

Guaixe 2016ko eka. 3a, 11:17

Aurreko astean adin-txikiko bi ikasle sakandarren atxilotzea salatuko da Etxarri Aranazko plazan etzi, 18:00etan.

Aurreko asteko asteazkenean Espainiako Poliziak 15 urteko uhartear bat eta etxarriar bat atxilotu zituen. Operazio berean Iruñerrian beste bi lagun atzeman zituzten. Lauretatik hiruk 15 urte zituzten. Martxoaren 17ko ikasleen greban desordena publikoa eta autoritatearen kontrako atentatua leporatzen diete. Sakandarren kasuan, Andra Mari ikastolara joateko etxetik atera zenean atxilotu zuten etxarriarra, eta ikastolara joateko etxean gosaltzen ari zela, aldiz, uhartearra. Iruñeko polizia etxera eraman, eta ondoren aske utzi zituzten.

Gertakarien aurrean, Etxarri Aranazko udalak, LAB sindikatuak, Sortuk, Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak, Euskal Herrian Euskarazek, Bilgune Feministak, Andra Mari ikastolako langile batzordeak eta Kitzikak igandean elkarretaratzea deitu dute Etxarri Aranazko plazan, 18:00etan, A. eta I. LIBRE! Ikasleak LIBRE! lelopean. Aipatu erakunde, talde eta eragileen iritziz “poliziaren gehiegikeri berri baten aurrean gaude. 1989ko Haurren Eskubideei Buruzko Konbentzioak jasotzen du adin txikikoekin erlazionaturiko erabakiak bere interes gorena zainduz hartuko direla beti. Gazte hauek deklaratzera deitu ahal zituzten aldez aurretik eguna eta ordua jakinarazita. Nahiago izan zuten, ordea, inor abisatu gabe gazteak eraman. Beldurtzeko? Presionatzeko? Urduritzeko? Ziurrenik euren deklarazioak baldintzatzeko aukeratu zuten atxiloketak modu horretan egitea, eta hau oso larria da, deklarazioak determinanteak direlako epaileak zigorra egongo den ala ez erabakitzeko orduan”.

Adin txikiko pertsonen “eskubideez, euren bizitzaz eta etorkizunaz” ari direla nabarmendu ondoren, igandeko elkarretaratzearekin, poliziaren gehiegikeria salatzeaz gain,  “guraso, irakasle eta herritar garen heinean adin-txikikoak babesteko ardura eta eskubideen defentsa” betetzen ari direla gaineratu dute sinatzaileek. “Ez dituzue gure seme-alabak, gure ikasleak, gure gaztetxeak eramango” adierazi dute. Eta gizarte guztiari deitu diote igandean Etxarri Aranatzen egingo den elkarretaratzearekin bat egitera, “haien eskubideak defendatzen, gure etorkizuna eraikitzen ari garelako”.

Mozioa
Etxarri Aranazko Udalak atxiloketak salatzeko mozioa onartu du, EH Bilduren aldeko botoekin eta PPko bi zinegotzietako baten kontrako botoarekin (bestea ez zen joan).