Duela aste batzuk, Guaixe berean, ezker-eskuin, memoriaren hariari tiraka zebiltzan bi albiste zeuden. Bata, Zoila Berastegirena, duela laurogei urte gertatutako estatu kolpearen ondorioak jasan zituzten “herenegungo haiei” entzuteko aldarria eginez. Bestea, isildutakoen minari Olaztik eskainitako ohorezko lekuaren bueltan. Biak ala biak memoria historikoaz, baina, nahigabean begiak pasarte motx batean tenkatu zitzaizkidan: “11 emakumeri ilea moztu eta publikoki umiliatu zituzten”. Olaztin 11 emakume zenbatu dituzte, baina zenbaki horri beste adiera bat ere eman geniezaioke: zentzu zabalean, mugagabean; hamaika emakumek nozitu zutelako horrelakoak eta gehiago.
Ziur asko, emakumezkoak izan ziren irain sozial gehien jasan zutenak. Ilea moztu edota kaxkalo uzten zituzten, gero herriko leku jendetsuenetatik paseatzeko, errizino-olioa edatera derrigortu, kaketan behera joateko, eta soinean ikur faxista-falangistak eramatera behartzen zituzten, publikoki ideologia horretako aldarrikapen eta esloganak adierazi eta oihukatzera derrigortzeaz gain.
Horrelako beste makina bat arrazoi tarteko, memoriaren matazaren hariari tira eta tira egiten dioten ekimenek gurean darraite: Arbizuko 1936ko errepresaliatuei omenaldia, Gerra Zibila eta Emakumeak hitzaldia, erakusketak, Iortia Antzerki Taldearen antzerkia, Otsoportilloko exhumazioa… Altxamendu Militarraren eta Diktaduraren garaiko memoria historikoa berreskuratzeko eta urteetan izandako ahanzturarekin amaitzeko gogoa pil-pilean dago. Isilean gorde den emakume-gizonen ahotsa argitan jartzeko ahalegin eta urrats horiek baliagarriak izango zaizkigu; “herenegungo haien” borroka, sufrikarioak, uxeneak (gabeziak), tristura, beldurra eta umilazioak ezagutzeko; baita beren indarra, adorea, sakrifizioa eta ahalduntzearen berri izateko ere.
Hurrengo belaunaldiei transmititzeko garrantzitsutzat hartzen den jakintza da memoria kolektiboa. Testigantza isilduak nik neuk ere jaso izan ditut, arbasoen kontu-istorio-historiaren jarraitzaile sutsuak nituelako aldamenean, aita eta anaia. Faltan sentitzen ditut.