2011n adostutako ibilbide orria biribildu egin da Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak berriki sinatu duten hitzarmenarekin. Aurten 58 ekintza garatzeko 250.000 €-ko ekarpena. Hitzarmenak muga batzuk izan arren –berandu sinatua, urte bakarrekoa, eskatutakoaren nabarmen azpitik…– aukerak ireki ditu: lau garapen agente kontratatu dira, Gobernuarekin elkarlanerako markoa finkatu du, eta bide honetan arduraz, serio eta eraginkortasunez goazela frogatzeko parada ematen du.
Plan Estrategikoa burutzeko Sakanako 15 udalek jokabide proaktiboa izatea komeni da. Arriskua baitago dena Garapen Agentziaren eta Cederna-Garalurren bizkarrean uzteko, eta pentsatzeko sortu dugun garapen-arkitektura, plan estrategikoa eta hitzarmenarekin dena eginda dagoela. Arriskua dago epe motzeko, azaleko eta marketingari begirako politikan murgiltzeko. Anbiziorik gabe. Eta gure ekonomia eta gizarteari begira aurrera eta hobeto jarduteko aukera paregabea igarotzen uzteko. Orain arte egindakoak, ordea, eraldaketarako oinarriak baino ez ditu finkatu. Egitasmo interesgarri batzuk abian dira. Baina udalak arkitektura honetan txertatuko balira, ekimen ahalmena eta eraginkortasuna biderkatuko lirateke.
Ez dirudi erraza. Gai berria da. Inertziak eta kontserbadorismoa gainditu behar dira eta ikasi egin behar da. Horretarako parada dago Garapen Agentziak ekainean antolatutako hiru mintegietan. Udal arduradunek eta teknikariek –idazkariak, kontu-hartzaileak...– aukera izango dute, nazioarteko adituen eskutik besteak beste, tokiko garapena zer den, nola eraikitzen eta gauzatzen den ikasteko. 2014an udal guztiek aho batez Plan Estrategikoa onartzeaz gain, “udalen parte-hartze politiko eta teknikoa oinarrizkotzat” jo zuten, eta harremanetarako eta dinamizaziorako zinegotzi eta udal teknikari bat izendatzea erabaki zuten. Bada garaia erabaki hori betetzeko.
Plan Estrategikoko hainbat ekintza udalei dagokie. Datozen urteetarako inbertsio planak adostu behar dira. 6-8 garapen agenteek ondoan 15 udal proaktibo, berritzaile eta ekintzaile badituzte, garapenerako makinaria koipeztatu eta eraginkorra izango dugu. Bai, gure bailaran enplegua eta ongizatea sustatzeari; bai, nazioartean Sakana erreferentziazko “smart territory”, lurralde adimendunean bihurtzeari.