Ikastetxeetan askotan egiten genuen moduan, denok dakigunaren errepaso bat proposatzen dizuegu. Aspalditik, Munduko Bigarren Gerra bukatu zenetik, ezagutzen dugu “aukera berdintasunaren printzipioa”. Pertsona guztiok bizi sozial, pribatu, kultural, ekonomiko eta politikoan aurrera egiteko aukera berdinak izan behar genituzkeela esan nahi dugu termino horrekin,. Jakin ere badakigu, ia momentu beretik, zer den “gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren printzipioa”: bizi publiko eta pribatuko arlo guztietan parte hartze orekatu eta parekidea, baldintza, ikusgarritasun, autonomia eta erantzukizun berdinekin. Zertarako? Emakumeok eta gizonek emaitzak berdinak izan ditzagun.
Printzipioak lortzeko konpromisoa eta lana egin behar direnez, gure gizarteak hau betetzeko estrategia bat asmatu du: “Ekintza Positiboa”. Horrela, denon ustez ona den araua aplikatzeko: “berdinak direnak berdin tratatzea eta desberdinak direnak desberdin”. Eta, errepasoari jarraituz, hau noiztik? Aurreko mendearen hirurogei hamarkadatik, Diskriminazioaren aurkako Zuzenbidearekin.
Badugu lortzeko helburua, bidea gidatzeko printzipioa, aplikatzeko zuzenbidea, zergatik ez dira martxan jarri ekintza positiboak? Noiz eta nola ez dakitelako? Ba, hona hemen egoera bat: PGAk esaten digu Nafarroan 2015eko langabezia tasa 2014koa baino 1,4 puntu murritzagoa dela. genero ikuspuntutik irakurrita: gizonen langabezia tasa 3 puntu jaitsi dela; emakumeena, ordez, 0,3 igo dela.
Altsasun, 2015eko apirilean 723 langabetu zeuden, 309 gizon eta 414 emakume, % 57,26. Aurtengo apirilean 582 langabetu daude, 217 gizon eta 365 emakume, % 62,71. Beraz ‘krisitik atzeratze honetan’ emakumeen langabezia tasa igo egin dela ikus dezakegun. Hemendik, legalki eta erakunde guztien gomendioetan oinarriturik, lan-enplegu arloan ekintza positiboak martxan jartzeko eskatzen dugu. Gure gizartean enplegua ez da soldata soilik, baizik eta eskubide zibil asko disfrutatzeko iturria