SEEk Barkosi ibarraren ekonomia egoeraren berri eman dio

Guaixe 2016ko eka. 7a, 15:57

Sakanako Enpresarien Elkarteko (SEE) ordezkaritza bat Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosekin bildu da gaur goizean. Nafarroako Jauregian egindako bilkuran SEEko kideek Barkosi Sakanaren ekonomia eta bere enpresa ehunaren egoeraren berri eman diote, baita ibarrean garatuko diren planen eta etorkizunerako aurreikuspenenak ere.

Hala, Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) hizpide izan dute. Lehendakariak SPEri gobernuak babesa emateko egindako apustua nabarmendu du. Barkosen esanetan “plana lan tresna ona da, Sakanan  egindako ahalegin handiaren fruitua, eta Nafarroako ekonomia garapenerako estrategiarekin bat egiten du”.

280 langabe gutxiago
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, urteko lehen hiru hilekoaren akaberan joan den urtean baino 280 langabe gutxiago daude Sakanan. Ibarreko enpresetan gizarte segurantzan izena emandakoen kopurua igo egin da zortzi urtetan estreinakoz.