Institututik 40 ikasle selektibitatera

Guaixe 2016ko eka. 9a, 10:55

Altsasu institutuko D ereduko 36 ikasle eta A ereduko 4ari dira proba egiten. Iruñeko Biurdana ikastetxean ikasten ari diren ikasle irurtzundar eta arakildarrak ere.

Atzo hasi eta bihar bitartean unibertsitatera sartzeko proba, selektibitatea, eginen dute 2.909 ikasle nafarrek, joan den urtean baino 29 gehiagok. Haietatik 1.703 emakumezkoak dira (%58,5) eta gainontzeko 1.206ak gizonezkoak (%41,5). Hizkuntza ereduei dagokionez, selektibitatea gaztelaniaz 2.128 ikaslek eginen dute eta 781 euskaraz. 2.532 ikasle azterketa orokorrera eta berezira aurkeztu dira. Azken hori borondatezkoa da eta aurreko proban lortutako nota hobetzeko balio du. 191 ikaslek azterketa orokorra eginen dute soilik eta beste 186k soilik berezia.

Atzo Gaztelania eta Literatura, Historia, Filosofiaren Historia eta atzerriko hizkuntza azterketak egin zituzten ikasleek. Gaur Euskara eta Literatura, Biologia, Grekera, Musika Analisia II, Fisika, Gizarte Zientzietara Egokitutako Matematika, Ingurumen Zientziak, Arte Historia, Latin eta Marrazketa Teknikoa azterketen txanda izanen da. Bukatzeko, bihar, Matematikak, Geografia, Adierazpen Teknikak, Diseinua, Kimika, Musika eta Dantza Historia, Elektroteknia, Enpresa Ekonomia, Ikus-entzunezko Kultura, Literatura Unibertsala, Industria Teknologia eta Marrazketa Artistikoa gaien azterketak eginen dituzte. Heldu den asteazkenean jakinen dituzte emaitzak. Gainditu ez dutenek edo nota hobea lortu nahi dutenek bigarren deialdia izanen dute aukera, garagartzaroaren 29an eta 30ean eta garilaren 1ean.