Aranzadi zientzia elkarteko kideak, Francisco Etxeberria forentsea buru zutela, Otsoportilloko lezera jaitsi ziren larunbatean. Hondoko adar eta bestelako zikinkeria garbitu ondoren, Aranzadikoek lezearen barrua aztertu zuten. Espero bezala metro bat luze, 40 cm altuera eta 60 cm-ko zabalera zuen metalezko kutxa bat opatu zuten. Lezea ixteko baimenik jaso ez zutenez, 1982an eraildakoen senideak lezera jaitsi zirenean hildakoen hezur guztiak han sartu zituzten, tartean zortzi buru-hezur.
Etxeberriak azaldu zuenez, kutxa urez gainezka zegoen eta hura ateratzeko zulatu egin zuten. “Barruan hezurrak zeuden. Batzuk ez dira pertsonenak, baina gehienak bai. Gutxienez sei pertsonen hezurdurak daude. Hezur luzeak, beso eta hanketakoak, ongi kontserbatuak daude eta DNA ateratzeko aukera izanen da. Bi matrail-hezur zeuden, batek dentistaren tratamendua du, besteak hortzak ditu ere. Buru-hezurrik ez dugu aurkitu, belarri aldeko zatiren bat soilik. Saihetsak ere”. Lau orduko lanaren emaitza izan zen.
Iruñeko Satorrak espeleologia taldeak 1979an lezea ikertu zuenean 13 gizonen eta emakume baten hezurdurak opatu zituela jakinarazi zuen. Azken hori Camino Oskoz Urriza 22 urteko irakasle iruindarra izan daiteke. Satorrak taldeko kideak lezera jaitsi zirenean 10 metroko sakonerara egin zuten. Larunbatean 7,8 metrora jaitsi ziren, jendeak botatako harriekin kono itxurako harri pilaketa egin delako. Haren azpian hezur txikiren bat geldi daiteke. Bestela, ardi edo txakur baten hezurdura besterik ez zuten opatu Aranzadikoek.
Deialdia
Otsoportilloko lezera jende asko jaitsi da eta haiekin buru-hezurrak eraman dituzte. Halakoen berri dutenek senideekin harremanetan jartzeko deia egin dute.
Argazkiak: Manu Gomez.