Kaixo lagunok, gaurkoan gauzak ezberdin egiteko gogoekin nator, eta uda gainean dugunez, talde, abesti eta estilo ezberdinak gomendatuko dizkizuet uda goiz, arratsalde eta gauetarako.
Pertsonalki udan denbora dudanean, gehien gustatzen zaidan gauzetariko bat lorategi batean lagunekin biltzea da, eta bertan gitarra bat eta kaxoi, djembe edo beste edozein tresnarik baldin badago, gauza ezin da hobera joan. Beraz, nire gustuen arabera talde batzuk eta hauen abestiak gomendatuko dizkizuet. Egunari hasiera gogotsu bat emateko adibide batzuk hauek dira, estilo oso ezberdinekoak baina denak dira baliagarriak.
Alde batetik Caravan Palace elektro swing taldea daukagu. Hauek swing musikari buelta bat ematen diote eta doinu elektronikoak sartzen dizkiote. Horrela, entzuteko abesti oso errazak eta erritmo bizikoak sortzen dituzte. Etxeko lanak egiteko oso egokiak direla esango nuke. Ondoren Los de marras taldearen “Hoy” abestia gomendatuko dizuet. Balentziako rock talde honen abesti hau ikaragarria da eguna ondo eta gustura hasteko. Batukada doinuak aurkituko ditugu abestian zehar eta letra bikaina da; umore eta kritika soziala nahastuz lortzen dute hori.
Jarraitzeko, eta bazkaltzeko ordua ailegatzen denean, lasaitasun pixka bat bilatzeko asmoarekin beste talde estilo batzuetara jotzea gustatzen zait, baina batez ere talde hauek akustikoan egindako lanei. Ordu hauetan hegoalderantz jotzea gustatzen zait, eta rumba doinuen bila noa. Hau lortzeko El canijo de Jerez jartzen dut behin baino gehiagotan, Los delinquentes taldearen abeslariak bakarka egindako ibilbidea oso polita iruditzen zaidalako eta haiek deitutako “garrapatero” estiloa oso gustukoa dudalako. Hemen rumba doinuak rock-arekin nahastuta aurkituko ditugu, oso letra freskoak eta erritmo bikainak.
Rumba doinuak funk musikarekin nahastuta ere aurkitu ditzakegu, eta horretarako Juanito Makande entzutera joan beharko dugu. Bere bakarkako ibilbidean Makande El canijo de Jerez baino lasaiagoa aurkituko dugu, baina Los Kamikazes taldearekin jotzen duenean funk musikak eta inprobisazioak hartzen dute protagonismoa.
Arratsalde partean eta gaua ailegatu arte, igerilekura edo menditik buelta bat emateko aukera baldin badut niri giro lasaia aurkitzea gustatzen zait. Hori lortzeko jartzen dudan lehenengo taldea Iseo taldea da. Talde honen abeslariak transmititzen duen lasaitasuna eta armonia kristona da, eta gainera ahots ikaragarri horri jarraitzeko talde bikaina du atzetik.
Arratsalde mugituago bat nahi baldin badut nire belarriak entzungo dutena Blues Pills taldea izango da. Indar handiko taldea da, aurretik ere aurkeztu nizuen talde hau eta nik oraindik ezin izan ditut ahaztu.
Horrelakoa da udan nire eguneroko dosia, espero dut honek zuen uda egunetarako laguntza moduan balio izana, talde hauekin uda osoa aspertu gabe pasa dezaket nik.