Aupa lagun, zer moduz doakizu bizia? Eramangarria zaizu oraindik lepo gaineko karga hori?
Ezagutzen ez zaitugun arren, lagun bezala hitz egiten dizugu, barnean daramakizun karga izugarria izanen zaizula iruditzen baitzaigu.
Egun lazgarri horretan edanik joanen zinen, edo drogaren bat harturik. Edo besterik gabe lokartzen ariko zinen, edo despisteren bat izanen zenuen, edo ziurrenik arestian botatako hauetako batzuen nahaspiloa batuko ziren. Eta ikaratuko zinen, eta beldurrez jota jarriko zinen eta bertatik aldegitea erabaki zenuen. Eta ulertzen dugu, edozeinek uler dezake hori. Eta hurrengo egunetan beldurrari lotsa batuko zitzaion eta zigorraren ikara, eta maite zaituztenen dezepzioa...
Baina ondoren, hausnarketa heldu da.
Zortea badaukazu, foruzainek harrapatuko zaituzte, eta zigorra bete ondoren, zure bizitzarekin aurrera jarraitu ahalko duzu. Zortea ez badaukazu eta harrapatzen ez bazaituzte, zure barrunbeen preso izanen zara, betiko. Eta karga hori eraman ezina dela iruditzen zaigulako idazten dizugu.
Izan zaitez gizon oso, emakume oso, zoaz Alexen gurasoengana, lagunen bat edo ahaideren bat lagundurik eta konta iezaiezu gertaturikoa, barkamena eskaiezu. Zure karga askazazu. Zoaz ondoren foruzainengana eta gertaturikoa onartu, heldu dakizukeen zigorra heldu dela.
Guzia bukatzerakoan karga arindu zaizula ohartuko zara, eta bizi berri bati hasiera emanen diozu. Ez dugu dudarik ahaideak bidaide izanen dituzula, lagunen sostengua izanen duzula eta sakandar gehienen ulermena.
Adeitasunez, egunero Utzubargo aldapako loreak ikusten dituzten sakandarretako bat.