Pentsio duinen aldeko Herri Ekimen Legegilea

Guaixe 2016ko eka. 11a, 10:12
Parlamentu parean aurkeztu zuten ekimena. Argazkia: www.euskalerriairratia.eus

Gutxieneko 1.080 euroko pentsioak ezartzeko sinadura bilketa hasi dute lege proposamena Nafarroako Parlamentura eramateko.

Nafarroako Pentsionistak Martxanek Herri Ekimen Legegilea martxan jarri du. “Nafarroako pentsiorik apalenak osatu eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa babes eta gizarte segurantzaren sistema sortzea” proposatu du. Kolektiboak jakinarazi duenez, Nafarroan 130.033 pentsiodun daude eta bataz besteko pentsioa 1.020 eurokoa da. Baina “haietatik 61.513 pertsona, gehienak emakumezkoak eta funtzio askotariko pentsiodunak, hilean 600 euro ere ez dituzte jasotzen”. Pentsionistak Martxan-etik azaldu dutenez, “Europak gomendatzen dituen pentsioetatik oso urrun gaude. Oinarrizko behar minimoei aurre egiteko gutxieneko sarrera 1.080 eurokoa izan behar du”.

Kolektibotik nafarrak Herri Ekimen Legegilearen alde sinatzea eskatu diete. Bestalde, Nafarroako Parlamentuko taldeei ekimena iristen denean hari babesa emateko, “horrela Nafarroa aitzindaria izanen da 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzen, 90.000 pertsona baino gehiago zoriontsuago bilaka gaitezen.”