Europako ikasleak Andra Mari ikastolan

Guaixe 2016ko eka. 10a, 10:13

Poloniako, Italiako, Letoniako, Austriako, Hungariako, Errumaniako, Greziako eta Portugaleko ikasleekin batera Erasmus+ proiektuan parte hartzen ari da ikastola.

Astelehenetik gaur arte Europako zortzi herrialdeetako beste horren beste ikastetxeetako ikasleak Andra Mari ikastolako DBHko 3. mailako ikasleekin egon dira, haien etxeetan lotan. Guztiak ere Europako Batasunak hezkuntza arloan ematen duen Erasmus + bekarekin proiektua garatzen ari dira: in the paradise garden of Europe. Europan ezezagunak diren baina xarma berezia duten natura-espazioen mapa bat osatzea da proiektuaren xedea. Bi urteko proiektua izan da eta bitarte horretan ikastetxeek euren natur eremuak, artea eta sormena partekatu dituzte. Joan den urteko maiatza akaberan Sakanako ikasleak Poloniako Kaxubia eskualdean izan ziren.

Proiektuak iraun duen bitartean ikasleen arteko hainbat topaketa izan dira, azkena Andra Mari ikastolan. Europatik etorritako ikasleek Sakanako “txoko kuttunak” ezagutzeko aukera izan dute. Elkarrekin euren kulturen berri jaso dute ikasle guztiek ere. Elkar ulertu ahal izateko ingelesez aritu dira gaur. Andra Mariko zuzendaritzak topaketa baliatu du ikastolen ereduaren berri emateko eta ikastoletan ingelesa lantzeko erabiltzen den Eleanitz proiektua ezagutarazteko. Andra Mari ikastolatik adierazi dutenez, “esperientzia oso positiboa izan da eta etorkizunean ere atzerriko ikasleekin elkar trukeak sustatzen jarraituko dugu”.

Erlazionatuak