Juan Luis Maiza munduko txapeldunordea

Guaixe 2016ko eka. 14a, 11:44

Munduko Duatloi Txapelketan hartu zuen parte, ekainaren hasieran, Avilesen, Sergio Garcia de Eulaterekin batera

Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza etxarriarra eta Sergio Garcia de Eulate altsasuarra ekainaren lehen asteburuan Avilesen izan ziren, Espainiako selekzioarekin Munduko Duatloi Txapelketan parte hartzen. Hainbat kategoriatan jokatu zen Munduko Txapelketa. Juan Luis Maizak 50 eta 54 urte arteko Sprint Distantziako Munduko Duatloi Txapelketan hartu zuen parte. Ingalaterrako Wayne Aylesbury izan zen txapelduna (1:04:57) eta Juan Luis Maiza bigarrena izan zen, 14 segundora (1:05:11). Etxarriarrak korrikako lehen zati bikaina egin zuen, txirrindularitzako tartean lehen multzoan sartu zen eta azkeneko trantsiziora lehendabiziko postuan sartu zen, baina Aylesburyk gainditu zion. Merito handiz, txapeldunordea dugu etxarriarra.

Sergio Garcia de Eulate35 eta 39 urte arteko txapelketan lehiatu zen, distantzia estandarrean. Proba guztian barna ez zen eroso sentitu eta Olivier Fremy frantziarrak irabazitako proban (2:00:06) 16.a sailkatu zen altsasuarra (2:10:09).


Zarauzko eta Donostiako triatloiak
Larunbatean Zarauzko Triatloia jokatu zen, Euskal Herriko Txapelketa zena (2,9 igerian, 81 km bizikletan eta 20 km korrikan). 600 triatleta pasa aritu ziren eta Eneko Llanos (3:52:26) eta Ainhoa Murua (4:26:24) gailendu ziren. Sakana Triatloi Taldeko hiru triatletek lortu zuten proba gogor eta luze hau despeditzea. Sergio Garcia de Eulate 120.a sailkatu zen (4:45:03), Iñaki Alvaro 229.a (5:01:19) eta Mikel Lakuntza 260.a (5:05:46).

Bestalde, igandean jokatutako eta Ander Okamikak (1:03:21) eta Grace Musgrovek (1:1715) irabazitako II. Donostriku Sprint Triatloian –0,750 m igerian, 20 km bizikletan eta 5 km korrikan– Jose Ignazio Mikeo 43.a sailkatu zen (1:14:04) eta Juantxo Azurmendi 192.a (1:26:32).

Txikienak III. Basaburuako Duatloian
Sakana Triatloi Taldeko kategoria txikiko duatletak III. Basaburua Duatloian lehiatu ziren asteburuan. Benjaminen mailan Ekain Imazek irabazi zuen proba eta Alain Razkin laugarrena sailkatu zen. Kimuen emakumeen mailan Nahia Imaz hirugarrena sailkatu zen eta kimuen gizonezkoen mailan Hegoi Lakuntza laugarrena.