Hiru herri gehiagok erabakitze eskubideaz galdeketa izanen dute 2017an

Guaixe 2016ko eka. 15a, 08:49

Gure Esku Dagok iragarri du Irurtzunen, Lakuntzan eta Altsasun heldu den urteko udaberrian eginen dituztela herri galdeketak.

Gure Esku Dago ekimenak larunbatean jakinarazi zuen 2017ko udaberrian Nafarroako eta Bizkaiko Lea-Artibaiko 22 herri batuko zaizkiola galdeketen bideari. Etxarri Aranatzek 2014ko apirilaren 13an zabaldutako bideari Bakaikun azaroaren 27an emanen diote segida eta heldu den urtean beste hiru herri erabakitze eskubidearen dinamikara batuko dira: Irurtzun, Lakuntza eta Altsasu.

Galdeketen sustatzaileek adierazi dutenez, “helmugara iristea baino zailagoa da bidea egitea”, horregatik, prozesu osoa kontu handiz prestatu nahi dute: “prozesu adostua eraiki behar dugu, tokian tokiko aktore denek euren burua bertan eroso ikus dezaten eta herritar orok nahi duen erantzunari bide eman diezaiokeen galdera proposatuz.” Nafarroa plurala den heinean galdeketak ere hala izanen direla gaineratu zuten Gure Esku Dagoko kideek.

Protokoloa
Gure Esku Dagok galdeketak egin ahal izateko protokoloa zehaztua du. 1.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan biztanleen %10en babesa jaso behar da galdeketa egin ahal izateko. 1.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, %15arena. Protokolo horretan ere zehaztua dago elkarte pribatu batek sustatuko duela galdeketa eta toki pribatuan eginen dela. Botoa sekretua izanen da eta galdeketa egunean 16 urte edo gehiago dituzten pertsonek parte hartzeko eskubidea izanen dute. Boto errepikapenak ez direla izanen ziurtatzeko informatika programa erabiliko da. Bestalde, galdeketek berme eta jarraipen batzordeak izanen dituzte, baita atzerriko eta bertako begiraleak ere.