Horixe izan liteke Jose Mari Esparza Txalaparta argitaletxeko zuzendariak, berriki, Etxarrin aurkeztutako liburuaren izenburua. Aspaldiko gerraren eta urteen iraganaren ahanzturaren geruza moduko batek estalita eduki duen harribitxia ezagutzeko aukera eman digu idazleak; zehazki, urte askotan Nafarroako politikagintzan ardatz izan zen euskaltzale eta ezkertiarrarena, David Jaime Dean.
Maisuki idatzitako liburuan, azaltzen da Etxarrin luzaro bizi izandakoa eta pertsona osoa izan zela, bai familiakoekin baita lagun eta politika kideekin ere, gizatasun handikoa, sentibera, zintzoa, jakintsua eta irmoa. Goren mailako politikaria, 36ko gerra aurretik Gobernuko parlamentaria, eta, ondoren, erbesteko Nafarroako Kontseiluaren presidentea.
Bere pentsaerari dagokionez, euskaldun petoa, ‘abertzale’ ez izan arren, Euskal Estatutuaren aldeko amorratua eta Eusko Ikaskuntzako kide, errepublikazale argia, eta ezkertiar konprometitua. Nagusiki, bi ardatz izan zituen haren pentsabideak. Bata, Estatutu burujabe baten inguruan euskaldun guztiak batzea, bestea, komunalak herriari itzultzea eta herritar behartsuenen duintasuna bermatuko zuen ekonomia garatzea. Halaxe, 1946ko Nafarroako Kontseiluaren gutun-irekian zioen ‘Gure hildakoen odolak, gure presoen eta umezurtzen oinazeek eta negarrek, eta Nafarroaren duintasun irudiak, Nafarroan justizia ardatz izanen duen egoera ezartzea eskatzen dute’.
Horrexegatik, aspaldikoa dirudien arren, gaurkotasun osoa duen pertsonaia handia izan zelako, merezi du haren memoria berreskuratzea eta haren izena hizki handiz idaztea: David Jaime Dean.