Ez dakit norena izango den errua, merituak jasotzerakoan denak bereganatu nahi izaten dituzte, baina erruak banatu behar direnean ez du inork jabetu nahi. Gobernua osatzeko ahaleginak porrot egin eta gero, batak besteari botatzen diote errua. Guk denak jotzen ditugu errudun, garbi ikusi dugu ez batek eta ez besteak ez dutela maila politikorik eman eta norberak bere interesak gizartearen interesen gainetik ezarri dituela.
“Erruak ordaintzen dira” dio esaera zaharrak. Egia da eta onartzen dugu norberak bere errua ordaindu behar izaten duenean, baina beste baten edo batzuena ordaintzeak erabat izorratzen gaitu, eta hau da hauteskunde hauetan gehienok daukagun sentipena. Berriz ere, gure burua hauteskunde kanpaina aspergarri batean murgilduta ikustea ez dugu batere gogoko, are gutxiago, gertatutakoaren etekina arerioak jaso behar duenean.
Zer egin? 75 urteko jubilatua izanik, bat bateko erantzuna bururatzen zait: “bejondeiela eta hor konpon utzi pakean”. Beharbada jubilatu askoren jarrera da: “nahi dutena egin behar dute, zertarako molestatu”. Baina ez da hori. Pertsona borrokalarien borrokak zerikusi handia izan du beti gizartean eman diren aurrera pausoetan eta gaur ere horrela da. Berritu dezagun gure ilusioa eta hartu dezagun gure protagonismoa.
Egin dizkiguten kalteak ordainduarazteko unea da, urte hauetan inposatu dituzten murrizketen biktima ahulenak gara, gure ongizatea kolokan ezarri dute. Berreskuratu nahi ditugu gure eskubideak: pentsio duinak denontzat, kalitatezko zerbitzu publikoak, kalitatezko osasungintza, kopagoa kanpora, botika zerrenda berrosatu, dependentzia legea suspertu, pentsio fondoak eskuratu… Botoaz balia gaitezen min egiteko, botoz bakarrik ere ez, hainbeste kalte egin digutenei. Arduratsu joka dezagun