Miguelanxo Pradok (La Coruña, 1958) harritu egin nau, zorionez. Bere aurreko lanaz esan dezakedan bakarra, ez ninduela bat ere hunkitu. “Ardalen” komikiarekin Espainiako sari nazionala irabazi zuen, baina marrazkia ederra izan arren, istorioak hotz utzi ninduen. Ezin esan txarra denik, oso landua eta maixuki burutua baitago, baina irakurri ondoren, erraz ahaztu nuen.
Oraingoan “Presas faciles” komikiarekin bueltatu da eta liburua ikusi orduko, irakurtzeko beharra sentitu nuen. Azala ikusita, argi zegoen nor zen egilea, ez du bere marrazki estiloa bat ere aldatu. Ur-margoz marrazturiko irudiak dirudite, kolorez hornitzerakoan lana erakargarriagoa eginez.
Hala ere, barruko orrialdeak txuri beltzez argitaratuta daude oraingoan. Ez da ohizkoa bere liburuetan txuri beltza erabiltzea, baina bi arrazoi egon daitezke honela izateko, nire ustez. Lehenengoa, ekonomikoa, txuri beltzez argitaratzean, gastu gutxiagori aurre egin behar baitio argitaletxeak. Bigarrena, jorratzen duen gaia izan daiteke. Ez dakit originalak txuri beltzez egin zituen ala kolorez, eta gero argitaratzean txuri beltzera pasa.
Gaia aipatu dudala, oraingoan eleberri beltza bat idatzi du Miguelanxok, nahiko klasikoa gainera. Zenbait hilketa gertatu dira eta polizia protagonistek zer gertatu den argitu behar dute orrialdeak irakurtzen dituzun heinean. Beharbada eleberri hauek oso gustuko ditudalako izan da, baina oso erraz eta gogoz irakurri dut komikia. Misterioa gero eta handiagoa da istorioak aurrera egin ahala, azkenean guztiz argitu aurretik.
Hala ere, bigarren irakurketa bat egin daiteke kontakizunaren inguruan. Nahiz eta besterik gabe eleberri beltza bat bezala uler daitekeen, argi dago bere Galizian gertaturiko zenbait egoera sozio politiko azpimarratu nahi dituela, ustez, ahaztu ez ditzagun. Bertan aurkituko ditugu zer ziren jakin gabe preferenteak erosi zituzten aiton eta amona xumeak, bankuetxeetan lan egiten duten pertsona krudel, berekoi eta diruzaleak, politikarien esanetara makurtzen diren poliziak, eta baita egun batetik bestera, dena galtzen duten herritarrak ere.
Azkar eta erraz irakurtzen den lana bada ere, beste hausnarketa bat ere egiten du bertan. Gizarteak alde batera utzi ondoren eta dena galdu ondoren, jada ezer galdu ez dezakeen norbait, zer egiteko gai da mendekua hartzeko? Eta pertsona bat izan beharrean, etorkizunik ez duten ehundaka pertsona balira bat batean sistemari aurre egiten diotenak?
Kritika bortitza egiten dio gure gizarteari. Azkenean, denok baitugu erantzukizuna sortu dugun sistema honetan. Gure txanda iritsi arte ixilik egonda, ez dugu eta ezer aldatzerik lortuko. Eta Miguelanxo Pradok, Galizian ikaragarrizko eragina izan zuten preferenteen kontua ez ahazteko bere ahalegina argitaratu du Norma Editorial argitaletxearen eskutik.